‘Jan Alai’ pintxo txapelketa Zornotzan bihar hasi eta domekara arte

Anboto 2014ko eka. 24a, 12:41
David Latxaga alkatea, eta, Olatz Ajuria eta Andoni Agirrebeitia zinegotziak txapelketako kartelagaz.
Aurtengoa hirugarren aldia izango da eta 56 taberna edo jatetxek parte hartu dute, iaz baino 19 gehiagok.

 

Eguaztenean hasi eta domekan amaituko den Jan Alai pintxo txapelketako hirugarren aldia inoiz baino tentagarriago dator. Alde guztietatik aurreko aldiak baino eskaintza gehiago eta hobea izango du. David Latxaga alkateak gaurko aurkezpen prentsaurrekoan nabarmendu duenez, “sortu zenetik ona partaidetzak etengabe gora egin du, baita pintxoen kalitateak ere eta horrekin batera egun horietan herrian sortzen den giroak”.

Aurten 56 taberna edo jatetxek parte hartu dute txapelketan, iaz baino 19 gehiagok eta 2012an baino 36 gehiagok. Lehiaketako pintxoak eguerdietan eta iluntze-gauetan egongo dira dastagai: eguaztenean, 19:00etatik 22:00etara; eguen, bariku eta zapatuan, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara, eta, domekan, 12:00etatik 15:00etara. Sari banaketa domeka arratsaldean egingo dute Zelaieta zentroan.

Hiru atal sarituko dituzte: epaimahaiak aukeratutako pintxorik onena edo berritzaileena, herritarrek aukeratutako pintxorik onena eta zerbitzaririk profesionalena. Pintxorik onenentzako sariak bibidertu egin dituzte: iaz 500 euro ziren eta aurten 1.000 euro dira. Aurtengo nobedade nagusietako bat da epaimahaia sekretua izango dela. Aurreko aldietan ostalariek bazekiten nortzuk ziren eta noiz etorriko ziren; aurten ez dute abantaila hori izango. Gutxien uste dena izan daiteke epaimahaiko kidea eta behin baino gehiagotan joan daiteke pintxoak dastatzera. Neurri horrekin barran egongo diren pintxoen maila goi-goian mantendu gura dute hasieratik amaierara.

Herritarren parte-hartzea

Herritarrek ere izango dute txapelketan parte hartzeko aukera; pintxoak dastatuz ez ezik, baita eurentzako onena zein izan den bozkatuz ere. Taberna edo jatetxe denak sei gunetan banatuta egongo dira eta bozkatu ahal izateko, gutxienez, gune bakoitzeko hiru pintxo (18 guztira) probatu eta bozkatu behar dira. Baldintza horiek bete ezik botoak ez dira kontuan hartuko. Bozkatzeko txartelak lehiaketara atxikitako tabernetan egongo dira eskuragarri. Ondoren, baliozko parte hartzaileen artean 500 euroko saria zozketatuko da. Pintxo guztien prezioa berdina izango da: 1,3 euro.

 

Txapelketan parte hartuko dute taberna eta jatetxeak guneetan banatuta:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!