Gaur, 13:00etan, Euskal Herria plazan joko du Archimossi taldeak lehenengo emanaldia, eta egun osoan izango dira emanaldiak. Bestetik, 23:30etik aurrera, Joe González zornotzako musikariak jam session bi eskainiko ditu bere boskoteagaz, Harrison hotelean izango da hitzordua. Domeka goizean, auzoetan zehar zabalduko dituzte lehiaketan parte hartzen duten bederatzi musika taldeek euren doinuak, eta, 13:00etan, Zelaieta parkean egingo dute sari banaketa ekitaldia.
Atzo hasi zuten jaialdia, eta aurreko edizioetan bezala, hiru sari daude jokoan kaleko musikaren nazioarteko lehiaketa honetan: 10.000 euroko lehenengo saria, instrumentistarik onenarentzat 1.000 eurokoa, eta ikusleek ematen duten 4.000 eurokoa. Gaur, 20:00etatik 01:30era Sabino Arana kalean egongo den kutxan eman ahalko dute entzuleek publikoaren sarirako euren botoa.
Mastretta (Espainia), Krakow Street Band (Polonia), Imperial Kikiristan (Frantzia), Tokyo Brass Style (Japonia), Perhaps Contraption (Erresuma Batua), Archimossi (Italia), Bizu Coolective (Portugal), Ottoni Animati (Italia) eta Fanfara Transilvania (Errumania) dira 2014ko Haizetara lehiaketan joko duten taldeak. David Latxaga alkateak azpimarratu du batez ere Europako taldeak ekarri izan dituztela, eta “aurtengo nobedadea, berezitasuna, Japoniako taldea izango da”. Bederatzi neskek osaturiko taldea da To- kyo Brass Style, eta hamahiru disko kaleratu dituzte 2005ean taldea sortu zutenetik.
Haizetara jaialdiak erakarrita Zornotzan biltzen diren ehunka musikazaleak asetzeko, jan-edanerako lau gune atonduko dituzte aurten ere: Euskal taberna (Gernika plazan), Sagardotegia (Zelaieta parkean), Garagardotegia (Zubiondo plazan) eta sorpresa gastronomikoen gunea (Arraibi plazan) .
Argazki erakusketa
Haizetara lehiaketaren bueltan antolatu dute, eta aste honetan bertan zabaldu dute, Musikoak argazki erakusketa. 1940 eta 1990 urteen artean herrian emanaldiak eskaini dituzten instrumentisten argazkiak bildu ditu erakusketa horretarako Patxi Gonzalez zornotzarrak. Uztailaren 11ra arte egongo da ikusgai Zelaieta zentroan argazki erakusketa hori.
Patxi Gonzalezek azaldu duenez, 500 argazki bildu ditu, eta horietatik 130 erakusketarako zaharberritzeko lana egin du Jose Javier Lacalle Lakak.