Europako zortzi herrialdetako taldeak eta Japongo banda bat, Haizetara lehiaketan ariko dira asteburuan

Anboto 2014ko eka. 18a, 14:29

Haizetara lehiaketan parte hartzera datozen bederatzi musika bandaren emanaldiak izango dira ekainaren 20an, 21ean eta 22ean, Zornotzako kale eta plazetan. David Latxaga alkateak eta Andoni Agirrebeitia kultura zinegotziak aurkeztu dute, gaur, fanfarreen, banden eta kaleko musikaren lehiaketaren IX. edizioa.

 

Aurkezpean azaldu dutenez, 12 herrialdetako 48 taldek bidali dituzte Haizetara lehiaketan parte hartzeko euren eskariak, aurten. Horietatik, bederatzi aukeratu ditu epaimahaiak, asteburu honetan Zornotzako entzulegoaren aurrean jo eta sariagatik lehia daitezen.

Aurreko edizioetan bezala, hiru sari daude Kaleko Musikaren nazioarteko lehiaketa honetan jokoan: 10.000 euroko lehenego saria, instrumentistarik onenarentzako 1.000 eurokoa, eta ikusleek ematen duten 4.000 eurokoa. Zapatuan, 20:00etatik 01:30era Sabino Arana kalean egongo den kutxan eman ahalko dute entzuleek publikoaren sarirako euren botoa.

Durangoko Sugarri fanfarriak ere joko du, aurten, gonbidatu berezi bezala, Zornotzan. Ikusleen saria jaso zuen Sugarrik iaz, eta lehiaketatik kanpo joko du oraingoan. Barikuan, 20:30ean, Arraibi plazan hasiko da Sugarriren emanaldia.

Mastretta (Espainia), Krakow Street Band (Polonia), Imperial Kikiristan (Frantzia), Tokyo Brass Style (Japon), Perhaps Contraption (Erresuma Batua), Archimossi (Italia), Bizu Coolective (Portugal), Ottoni Animati (Italia) eta Fanfara Transilvania (Errumania) dira 2014ko Haizetara lehiaketan joko duten taldeak. Latxaga alkateak azpimarratu duenez, "normalean Europako taldeak ekarri izan ditugu batez ere, eta aurtengo nobedadea, berezitasuna, Japongo taldea izango da". Bederatzi neskek osaturiko taldea da Tokyo Brass Style, eta 13 diska kaleratu dituzte, 2005ean taldea sortu zutenetik.

 

Hiru egun, musikaz blai

Barikuan, 19:00etan, Zelaieta parkean emango diote jaialdiari hasiera, eta herriko txoko batean joko du talde bakoitzak ordu erdiz, gauerdian Imperial Kikiristan taldeak Zubiondo plazako emanaldiagaz egunari amaiera ematen dion arte.

Zapatuan, aldiz, 13:00etan, Euskal Herria plazan joko du Archimossi taldeak lehenengo emanaldia, eta egun osoan zehar izango dira lehiaketaren barruko emanaldiak. Domeka goizean auzoetan zehar zabalduko dituzte lehiaketan parte hartzen duten bederatzi musika taldeek euren doinuak, eta 13:00etan, Zelaieta parkean egingo dute sari-banaketa ekitaldia.

Barikuan zein zapatuan ere, 23:30etik aurrera, Joe González zornotzako musikariaren taldeak bere boskoteagaz jam session bi eskainiko ditu, Harrison hotelean.

"Familian zein lagunartean Haizetara gozatzera etortzera" gonbidatu ditu Andoni Agirrebeitia zinegotziak herritarrak: "Haizetara denon gozamenerako antolatzen baitugu". Programazio hau lantzen urritik lanean jardun den taldea eskertu du zinegotziak.

 

Gastronomia guneak

Haizetara jaialdiak erakarrita Zornotzan biltzen diren ehunka musikazaleak asetzeko, jan-edanerako lau gune atonduko dituzte, aurten ere: Euskal taberna (Gernika plazan), Sagardotegia (Zelaieta parkean), Garagardotegia (Zubiondo plaza) eta sorpresa gastronomikoen gunea (Arraibi plazan) izango dira aukeran.

 

Zornotzako instrumentisten argazkien erakusketa 

Haizetara lehiaketaren bueltan antolatu dute, eta gaur bertan zabaldu dute, Musikoak erakusketa. 1940tik 1990era bitartean herrian emanaldiak eskaini dituzten instrumentisten argazkiak bildu ditu, bertan, Patxi Gonzalezek. Uztailaren 11 arte Zelaieta zentroan ikusgai egongo den argazki erakusketa hori. Gozalezek azaldu duenez, 500 argazki bildu ditu, eta horietatik 130 zaharberritzeko lana egin du Jose Javier Lakak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!