Mireia Izagirre: "Gazteei abesbatzen mundura gerturatzeko deia egingo nieke"

Anboto 2014ko eka. 19a, 18:30

Zornotzan abesbatzek tradizio handia dutela ezin daiteke ukatu. Izan ere, sei koralek dihardute une honetan. Zornoza koralak zabaldu zuen bidea orain 60 urte, eta, harrezkero, beste hainbat talde sortu dira. Mireia Izagirre (Zornotza, 1961) Zornoza eta Abes Kimu abesbatzetako zuzendariaren lanak izango du zerikusirik abesbatzen bide oparo horretan.



Koralen loraldia bizi duzue Zornotzan?
Ez dut uste abesbatzen une onenean bizi garenik. Koralen batez besteko adina nahiko altua da. Harrobia falta zaigulakoan nago. Egia da koral gehiago dagoela, duela urte batzuetatik hona emakumeek ere arlo honetan parte hartzen dutelako. Adibidez, ahots zurien eta umeen koralak badaude. Beraz, gazteei dei egingo nieke, mundu honetara gerturatu, eta ezagutu dezaten.

Errelebo falta zergatik izan daiteke?
Bizimodua asko aldatu da. Gazteen artean gehiago abesten zen familiartean. Orain gutxiago abesten da. Hala ere, ikastetxeak saiatzen dira umeak eta gazteak motibatzen, musika txikitatik denon bizitzetan sartu dadin.

Zenbat abesbatzek dihardute Zornotzan?
Sei koralek. 60 urte bete dituen Zornoza abesbatza sortu zen lehenengo, eta bera da erreferentea. Hala ere, azken 25 urteetan beste hainbat talde sortu dira. Gustu guztietarako abesbatzak daude, talde bakoitzak bere ezaugarriak dituelako. Beraz, Zornotzan abesten ez duenak, nahi ez duelako izango da.

Musikaren inguruko ezagutzarik behar da abesbatzetan parte hartzeko?
Entzumen normala izatea oinarrizkoa da. Hortik aurrera, abesteko teknika ikasi egiten da, eta entzumena ere garatu egiten da. Beraz, musika hizkuntzan ezagutzarik izan barik ere abestu daiteke, ahots-teknika ikasita. Badaude entzumen oso txarra dutenak, baina ez da ohikoena.

Noiztik diharduzu musikaren munduan?
Jaio nintzenetik beti entzun izan dut abesten. Gurasoek asko abesten zuten, eta zaletasun handia genuen familian. Zornotzan nesken koral bat zegoela jakin nuenean, bertan hasi nintzen. Hasieran hamar neska ginen, eta Carmelo ikastetxean aita Eliseo zuzendari genuela ikasten genuen. Orain 30 urte izan zen hori. Elkartea federatu zela 25 urte bete dira. Duela urte batzuk zuzendariak adinarengatik taldea utzi zuenean, bere lekukoa hartu nuen, eta nesken taldea izatetik koral mistoa izatera pasatu zen. Hamasei urte daramatzat Abes Kimun, eta Zornoza abesbatzan hamar urte.
 
Abes Kimuk eta Zornozak elkarlanean ere abesten dute.
Talde bakoitzak bere ezaugarriak dituen arren, elkarlana bultzatzen saiatzen naiz, obra handiagoak interpretatzeko. Bakoitzak bere izaera galdu barik; oso ondo funtzionatzen du elkarlan horrek.

Musika irakaslea zara, baina abesbatzak zuzentzea beste kontu bat da.
Musika eta pianoa ikasi nituen, baina abesbatzak gidatzeko ikasketak ere egin ditut. Orain hogei urte hasi nintzen zuzendaritza eta teknika ikastaroak hartzen.

Abesbatza bateko zuzendariak zer ezaugarri izan behar ditu?
Oinarrizkoa da musikaren inguruko ezagutza izatea, baina uste dut horretaz gainera psikologia berezi bat behar dela talde jendetsu baten aurrean jarri, eta zuzendari jarduteko. Zure aldera eramateko gaitasuna izan behar duzu, une bakar batean ere zakarra izan barik. Entseguak oso ondo aurreikusi behar dira, segundo bat ere galdu barik; bestela, jendea aspertu egin daiteke. Jendea ilusionatzeko programa berriak abiatu behar dira, gauza berriak egin. Adibide bat jarriko dizut. San Mamesen jokatzen du Athleticek, eta gizonen abesbatzan gehienak Athleticeko bazkideak dira. Esaten didatenez, denak elkartzeko gaiatsun handia dut, bat ere ez delako falta entsegura Athleticek jokatu arren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!