Joseba Arriaga, futbol jokalaria: "Garrantzitsuena maite zaituzten talde baten egotea da"

Anboto 2014ko eka. 12a, 12:15

Athleticekin jokatzearren ezaguna egin zen Joseba Arriaga ermuarra. 2002an egin zuen debuta, eta Julen Guerrero ordezkatu zuen partidu horretan. Jupp Heynckesen aginduetara eman zituen lehenengo pausoak, eta 2005era arte izan zen zuri-gorri. Ordutik hona makina bat talde ezagutu ditu: Eibar, Las Palmas, Jaén, Alavés, Barakaldo... Eta datorren denboraldian Amorebieta taldearen elastikoa eroango du soinean.

 

Lanean hasteko gogotsu dago, eta golak eginda lagundu gura dio taldeari. Urritxe futbol zelaian, bere etxe berrian erantzun ditu galderak.

Zelako sentsazioak dauzkazu fitxaketaren harira?
Sentsazio oso onak dauzkat. Barakaldon ere sasoi on bat egitetik nentorren, baina hurrengo denboraldirako ni kontuan ez hartzea erabaki zuten. Segituan Amorebietatik deitu, proiektu on bat aurkeztu, eta bi urterako konfiantza eman zidaten. Ilusio handiz nago, eta lanean hasteko gogoagaz. Goiz fitxatu dut, eta horrek uda lasaia ekarriko dit. Denboraldira ondo heltzea izango da nire eginbehar bakarra.
 
Zer helburu daukazu?
Batez ere taldean jarraikortasuna eduki gura dut, eta taldea ahalik eta gorenen egotea. Argi dago denok egingo dugula borroka, eta Sestaok aurten egin duena apur bat berdintzea gurako dute talde guztiek. Baina, pausoz pauso joan behar da, eta zelako taldea osatzen den ikusi.

Zer ekarpen egin diezaiokezu taldeari?
Arriskua sortzeko fitxatu naute, golak egiteko eta gol aukerak sortzeko. Hori da egin gura dudana, eta urte guztiotan egin dudana ere bai. Amorebietagaz ildo horretan jarraitu nahi dut.   

Zelan ikusten duzu taldea?
Nik uste talde sendo bat egin gura dela, eta lortzen dabilela. Amorebieta gauzak ondo egiten dabil, eta beste pausotxo bat eman behar da. Taldeak igoerako playoffa jokatuta dauka, eta iaz Errege Kopan sartzeko zorian egon zen; ea aurten hori lortzen dugun. Oraindik hilabete bi falta dira denboraldia hasteko, asko falta da, eta seguru jokalari onak helduko direla. Nik nahiko argi daukat: Bizkaiko talde guztien ispilua Sestao da. Lan egin, etxean indartsu izan, eta talde solidoa osatu. Ea denboraldia ondo hasten dugun, goian hastea garrantzitsua izango da eta. Hobetzen joatea da inportanteena.

Zelako denboraldia osatu duzu Barakaldon?
Aurten bizpahiru lesio eduki ditut, apur bat traba egin didatenak. Baina jokatzeko moduan egon izan naizenean, ia partidu guztiak jokatu ditut. Hamar gol egitea lortu dut, eta kantitate nahiko ona da jokatu ditudan partiduetarako. Aurten jarraikortasun handiagoa eduki, eta iaz lortutako gol kopurua gainditzea espero dut. Seguru nago partidu gehiago jokatzen baditut, gol gehiago egingo ditudala.

Zelan gogoratzen duzu Athleticegaz hasi zinenekoa?
Duela asko izan zen honezkero. Ni harrobitik nentorren, zortzi-bederatzi urtez jokatu nuen harrobian. Jauzia emateko aukera eduki nuen, eta lehenengo urtean Heynckesegaz jarraikortasun handia eduki nuen. Gero, [Ernesto] Valverdegaz gehiago kosta zitzaidan, eta hor apur bat moztuta geratu nintzen. Baina, beno, nire ibilbidea egin dut, eta pozik nago. Talde askotan egon naiz, eta guztietan ondo egon naiz. Mutil familiazalea naiz, eta nire familia alde guztietara eroan dut. Ez naiz bakarrik joan, eta hori laguntza handia da.

Ibiltaria izan zara...
Argi dago denok ez daukagula Andoni Iraola lez Athleticen hamabost urtez egoteko zortea, kalitatea edo behar dena. Iraola nire kintakoa zen, eta Gurpegigaz batera hori lortu duen bakarra da kasik. Baina pozik nago. Lehenengo Mailan, Bigarrenean eta Bigarren B Mailan egon naiz. Mailak garrantzia dauka, baina garrantzitsuena maite zaituzten talde batean egotea da.

Zein da zure ibilbideko akordurik onena?
Athleticegaz debutatzea da garrantzitsuena bizkaitar ororentzat. Gainera, Jaenen  urte onak eduki nituen. Las Palmasetik nentorren, eta urte biak onak izan ziren. Bigarren Mailara igotzeko borrokan egon ginen azken minutura arte, eta pena bat izan zen lortu ez izana. Zaleekin lotura oso ona zegoen; partiduko 18.000 lagun batzen ziren.

Hedabidetan beti izarrak agertzen dira...
Beti lauzpabost jokalariren inguruan egiten da berba, eta maila guztietan gertatzen da hori. Bizkaian, Bigarren B Mailan jokalari gazte ugari dago, eta badaukate aukera. Sasoi hauetan, gauzak ondo egiten dituen talde bat etxean edukitzea inportantea da. Lehenago beti begiratzen zenuen kanpora, baina orain aprobetxatzeko momentu batean gaude. Gazte horiek indartsu datoz

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!