Haur antzerkiaren lehenengo topaketa egingo dute, barikuan

Anboto 2014ko eka. 10a, 14:00

Herriko lau ikastetxetako antzerki tailerretan ikasturtean zehar sortutako obren emanaldia egingo dute, barikuan, Zornotza Aretoan. Haur Antzerkiaren Topaketaren lehenengo edizioa ospatuko dute.

 

Zornotza Aretoan egin dute Andoni Agirrebeitia zinegotziak eta Joserra Martinez Markeliñeko kideak Haur Antzerkiaren I. Topaketaren aurkezpena, gaur. Larrea, Andra Mari, Karmengo Ama eta Karmelo ikastetxeetako sei eta hamabi urte arteko umeek euren ikastetxeetako antzerki tailerretan prestatu dituzten antzezlanak eskainiko dituzte, barikuan, 19:00etan, Zornotza Aretoan, Topaketa horren barruan.

Zazpi taldek hartuko dute emanaldian parte, eta, Hau lapurketa bat da, Barrerik egiten ez zekien printzesa, Museolandia, Hegazkin zoroa, Euskogiltzak, Guztiok bat edo Inmi-Tan-Gram izenburuko obrak izango dira ikusgai. Hamar eta hamabost minutu arteko iraupeneko antzezlanak izango dira, eta euro bateko sarrera sinbolikoa izango du emanaldiak.

"Orain arte, ikasturtean zehar egindako antzerki lanak bakoitzak bere ikastetxean erakutsi izan du", azaldu du Agirrebeitia zinegotziak, aurkezpenean. "Umeek zein euren irakasleek ikasturte guztian zehar egiten duten lana eskertzeko modua da Zornotza Aretoan herri guztiari euren lana erakusteko aukera eskaintzea". Aurtengo lehenengo edizioaren ostean, "lehenengo pausuaren ostean, Haur Antzerkiaren Topaketa hurrengo urteetan jarraipena daukan ekimena izatea" espero duela azpimarratu du Agirrebeitiak.

Ametx erakundeak proposatuta, Markeliñe antzerki taldekoak jardun dira ekimena koordinatzen. Arte eszenikoak hezkuntza baliabide garrantzitsuak direla azpimarratu du Markeliñe antzerki taldeko Joserra Martinezek aurkezpenean: "Pertsonen garapena laguntzen du antzerkiak: komunikazio ahalmena lantzeko balio du, eta tolerantziaren eta giza harremanen aldeko jarrerak sustatzen ditu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!