Zornotzako emakumeek ere korrikalari izan gura dutelako

Anboto 2014ko mai. 30a, 11:31

Zapatilak eta kiroletako arropa jantzi, beroketa eta luzaketak egin, eta badoaz astiro-astiro arineketan. Zornotzako 50 bat emakume Gu be bai runners ekimenean batu dira, euren denbora librean korrika apur bat egiteko helburuz. Iraia García atleta zornotzarrak sustatu du egitasmoa, eta eguaztenean egin zuten aurkezpen publikoa Zelaieta zentroan. Zelan ez, aurkezpenaren ostean ere izerdia botatzeko aprobetxatu zuten.


Bizkaiko kros txapelduna  da García, eta Euskal Herri mailakoa ere izandakoa. Aspalditik eduki du taldea sortzeko asmoa, baina martxoan hasi zen sarea antolatzen. Maila handiko korrikalaria izan arren, taldeko partaide edonor izan daiteke. Gainera, denek ez dute korrika egiten; batzuk oinez ibiltzen dira bakarrik, eta beste batzuek tartekatu egiten dituzte biak. Hori da, adibidez, Garciaren izekoren kasua, Amaia Olalde Bikandirena. Normalean oinez ibiltzen ei da, baina tarte batean korrika egiten du. Lobari sarea antolatzen laguntzen hasi zen, baina jakin-mina piztu zitzaion, eta gustura dabil orain.


Modu entretenigarria
Urteetan galdutako zaletasuna berreskuratu dute askok, eta ariketa fisikoa egiteko modu entretenigarri bat topatu dute beste askok. Honela zioen partaide batek: “Institutu sasoitik ez dut korrika egin. Orain, eguaztena eta zapatua noiz helduko zain egoten naiz”. Izan ere, asteko egun bi horietan elkartzen dira; eguaztenetan, 20:30ean, eta zapatuetan, 10:00etan. Kirolaren bueltan, lagun talde berri bat sortu da Zornotzan.

 

“Helburua emakumeek ariketa fisikoa egitea da, eta erlazionatzea ere bai”

Iraia Garcia (Zornotza, 1992) atletaren kirol ibilbidean esperientzia berri bat da ‘Gu be bai runners’ ekimena. Pozik dago orain arte edukitako harreragaz, eta gura duenak ateak zabalik dauzkala adierazi du. Kirolaz gainera, ikuspegi soziala ere badauka taldeak, azaldu duenez.

Taldea sortuta dago, baina oraindik ere eman daiteke izena, ezta? Zer egin behar da?
Niri e-mail bat bidali, iraiagarcia@hotmail.com helbidera. Nigaz hartu-emanetan ipini, eta interesatuari esango nioke zein egunetan geratzen garen. Gainera, daukagun zortea da ez dela bakarrik running talde bat; hiru talde dauzkagu: batean ibili bakarrik egiten dira, beste batean ibili eta arineketan, eta hirugarrenean arineketan soilik.

Zerbait ordaindu behar al da taldean parte hartzeko?
Ez, dohainik da. Ez dute ezer ordaintzen, eta nik ere ez dut inondik kobratzen. Ez daukagu diru-laguntzarik. Lagun talde bat gara.

Zelan antolatzen zarete entrenatzeko?
Jauregibarriako aparkalekuan geratzen gara beti. Talde bakoitzari esaten diot zer egin behar duen, eta hiru taldeekin joaten naiz tarteka. Ni arineketan bakarrik arituko nintzateke, baina horrela ez nituzke besteak ezagutuko. Azkenean, talde honen helburua emakumeek ariketa fisikoa egitea da, eta erlazionatzea ere bai. Ez bakarrik arineketan egitea.

Eta, momentuz, zelako balorazioa egiten duzu?
Nik hasieran uste baino balorazio hobea egin dezaket. Entrenamendu bakoitzaren ostean, taldekideek beti jarduten dute WhatsAppean “zein ondo irten den gaurkoa” eta horrelakoak idazten. Beraz, ni pozik. Izan ere, egiten duzun lana gustatzen zaiela ikusten duzu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!