Gorka Nagore: "Goenkale telesailean dagoen giro onak harritu nau gehien"

Anboto 2014ko mai. 4a, 09:00

‘Goenkale’ telesailaren hogeigarren denboraldi honetan Gorka Nagore da Arraldeko komisario berria; alde ilun bat duen gizona da Mitxel. Zornotzarrak Getxoko antzerki eskolan ikasketak egin eta 2007tik aktore lanetan dabil; hasieran antzerkian eta orain telebistan.



Zer dela-eta aktore?
Orain dela urte batzuetatik nabil ofizio honetan lanean. Deustun ikus-entzunezko ikasketak egin eta produktore batean lanean hasi nintzen. Orduan, aktore lanetan hasteko grina sortu zitzaidan eta antzerki eskolan izena ematea erabaki nuen. Getxoko antzerki eskolan izena eman eta amateur mailako eta maila profesionaleko ikastaroak egin nituen. 2007tik antzerkiaren munduan sartuta nago, orduan hasi nintzelako Deabru Beltzak taldearekin antzeztokira igotzen. Ordura arte taberna batean egiten duen lan, eta beharra utzi, eta sei urtez ibili naiz Deabru Beltzak taldeagaz munduko txoko ugaritan antzerkiak egiten.

Antzerkitik telebistara.
Orain dela urte batzuk Goenkalerako bi casting egin nituen, eta pasa den urtean beste bat egiteko deitu zidaten. Orduan komisario papera eskaini zidaten, eta ordutik hona Arraldeko polizia-etxean nabil lanean.

Arraldeko komisarioaren paperean pozik?
Bai, asko gustatu zitzaidan. Baina hasieran ez nuen pentsatu Mitxelen papera hain gaiztoa zenik, Goenkaleko heroi bat izango nintzelakoan nengoen; baina ez. Azken batean, telesail honetan pertsonaiaren istorioa asko aldatzen da, eta denbora pasa ahala igartzen nuen pertsonaia gaizto bihurtzen ari zela. Egia da Mitxeli hasieratik igartzen zitzaiola alde ilun hori zuela. Baina, hala ere, nire pertsonaiarekin oso gustura nago; askotan, gainera, maltzurraren papera askoz ere erakargarriagoa izaten da, bestelako bat baino.

Nola deskribatuko luke Gorkak Mitxel?
Iragan gogorra jaso zuen gizon maniatiko, interesatu eta posesiboa dela esango nuke. Gainera, psikologikoki jendea oso ondo ezagutzen duenez, pertsonak berak nahi dituen bezala erabiltzeko gaitasuna dauka. Baina horren guztiaren gainetik, bere lanean oso profesionala den gizona dela esango nuke.

‘Goenkale’-n agertzen zarenetik kalean jendeak beste modu batera hartzen zaitu?
Bai, hasieran batez ere. Zornotzan Maunaloa taberna daukadanez, jendeak Goenkalen ikusi ninduenean harrituta geratu zen. Oraindik ere asteburuetan jende asko etortzen da tabernara, Mitxel komisarioa nor den ikustera.

Bestalde, kamera aurrean ohitzen joango zara, ezta?
Bai. Lehenengotan, martxa hartu arte, nahikotxo kostatzen zitzaidan. Baina, behin lehenengo grabaketak pasatuta, ohitzen joaten zara. Hasieran apur bat kostatu egiten zitzaidan kamerak kontrolatzea, beste aktoreekin lan egitea eta Mitxelek duen serio papera antzeztea. Baina, gero, denbora pasatuta, norbera ere lasaitu egiten da, eta kamera aurrean ere teknika hartzen duzu.

Urte luzez jarraitzen duen telesail batean zabiltza.
Bai, nahiz eta zailtasunak izan, aurrera jarraitzen duen telesaila da. Gainera, jendearen erantzun ona da garrantzitsuena, oraindik ere pertsona askok ikusten du eta. Azken batean, hori da hainbeste urtez aurrera jarraitzearen funtsa.
 
Zerk harritu zaitu gehien?
Bertako giroak: sekulako giroa dago taldeko kide guztien artean. Giro on hori ez dugu aktoreon artean bakarrik; zuzendari, produkzio talde eta gainontzeko kideen artean ere giro ona dago. Azken batean, hori ere arrazoi zuzen bat da telesailak hainbeste urtez irauteko.

Etorkizunean zeure burua telebistaren munduan ikusten duzu?
Egia esan ez dakit. Niri asko gustatuko litzaidake telebistan jarraitzea, baina erabakia ez dago nire esku. Krisia dela-eta badakigu gauzak zelan dauden, beraz, ikusi egin beharko da.

Nahiz eta orain telebistan lanean aritu, antzerkia ez duzu alde batera utzi.
2007an neskak eta biok Barakaldon antzerki talde bat sortu genuen, eta orain ere horrekin jarraitzen dugu. Elkartea haurrentzako antzerki taldea da, eta urtean hainbat antzezlan egiten ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!