Zornotzak burua ondo goian duela esan dio agur igoera faseari

Anboto 2014ko api. 30a, 11:10

Zornotzak denboraldi bikaina osatu du. Argazkia: Kepa Aginako
Larrean hirugarren partidua behartu zuten partidu gogoangarrian; atzo galdu egin zuten Katalunian jokatutako lehia erabakigarria.

 

Amaitu da Zornotza saskibaloi taldearen denboraldia. Igoerako play off-ei dagokien final laurdenetako kanporaketan 1-2 galdu du Kataluniako El Prat (Juventud-en filiala) taldearen aurka.  Uneko etsipenetik haratago, burua ondo goian dela egoteko arrazoiak ditu taldeak. Zilarrezko mailako Adecco ligako debut urtean mailari eustea ez ezik, onenen artean lehiatzea lortu dute.


Etxetik kanpora lehen partidua galdu ostean, Larrean nahi eta nahiez irabazi behar zuen Zornotzak. Eta partidu handiek eskatzen duten balentriarekin lortu zuen helburua; partidua amaitzeko lau segundoren faltan markagailuak 56nako berdinketa islatzen zuela, Toni Lorenzok zortzi metro baino haragotik jaurtitako hiruko batek eman zion garaipena. Larrea kiroldegia lepo bete zuen marea berdeak poz handiz ospatu zuen garaipena.


Horrela, atzo Katalunian jokatu zen hirugarren partidu erabakigarria. Lehen laurdenean El Prat-en jokoari eustea lortu zuten, baina ordutik aurrera Kataluniako taldea beti aurretik joan zen: 32-22 atsedenaldian eta 56-40 hirugarren laurdenaren amaieran. Azken laurdenaren hasieran, Zornotzak partiduan sartzeko azken saiakera egin zuen (56-49), baina hutsarte batetik bueltan El Pratek  partidua erabakita utzi zuen, talentu handiko jokalari gazteak dituela erakutsiz. Azken emaitzak ez du dudarako tarterik uzten: 74-55. Ibon Carreto izan zen Zornotzako saskiratzaile nagusia 14 punturekin; Kyle Rowleyk 14 puntuko balorazioa izan zuen.


Horrenbestez, Zornotzak egin ditu egin beharrekoak aurtengo denboraldian. Mailari eustea helburu zuten deboraldian, igoera lortzeko borrokan aritu dira. Mikel Garitaonandiak gidatuta taldeak zaleen ilusioa piztuta mantendu du azken unera arte eta zaleek ere merezitako erantzuna eman diote taldeari Larrea kiroldegia  partiduz partidu berdez tindatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!