Ganbera-musika entzungai Zornotzako auzoetan

Anboto 2014ko api. 29a, 13:20

San Bartolome auzoko baselizan aurkeztu dute gaur Eleizetan musika jaialdiaren XV. edizioa. Herriko bost auzotako baselizetan, ganbera musikaren beste horrebeste emanaldi izango dira maiatzean. Maiatzearen 10ean izango da lehenengo emanaldia.

 

David Latxaga Zornotzako alkateak, Andoni Agirrebeitia zinegotziak, Luisja Ugarte Zornotza Aretoko programatzaileak eta José María González klarinetista eta saxofonista zornotzarrak aurkeztu dute 2014ko Eleizetan jaialdiaren programazioa. "Hamabosgarren urtez, Zornotzako herriari beste mota bateko kultura, alternatiba bat, eskaini" gura dio Udalak, eta aldi berean, Zelaieta Zentrotik aldenduta, herriko auzoetan ere kultura zabaldu.

Ugarte programatzailek azpimarratu duenez, zikloaren barruko bost kontzertuak dira "ganbera-musika formatukoak, oso hurbilak, baina deneriko estiloetako musika izango da Eleizetan zikloaren barruan entzungai". Ugartek aurreratu duenez, Euskal Herriko talde bi eta nazioarteko beste hiru proposamen izango dira aurten, Zornotzan: "Gauza bitxiak eta desberdinak entzuteko aukera egongo da".

Maiatzaren 10ean, Hermanas Caronni txelo, klarinete eta ahotsez osaturiko bikote argentinarrak zabalduko du aurtengo zikloa, Boroako San Pedro baselizan, 20:00etan. Disziplina klasikoa eta Argentinako kantu eta musika tradizionalak uztartzen dituzte euren Caronni ahizpek euren ikuskizunean.

Jaialdiaren gaurko aurkezpenean egon den Jose Mari Gonzalez herriko musikariaren laukotea ariko da, bestalde, bigarren emanaldian. Maiatzaren 16an, Dudeako San Miguel joko du Gonzalez kide den Botxo Boogies taldeak. Juan Crisóstomo Arriaga konpositorea omentzeko, musika klasikoa eta jazza nahasten dituen kontzertua eskainiko du Bilboko taldeak. "Ohorea, poz handia, da herrian jotzea", esan du Gonzalezek programaren aurkezpenean, "izan ere, oso harro nago proiektu honekin, eta zornotzarrei erakusteko gogotsu".

Txekiako Barocco Sempre Giovane taldea, Xabier Ramirez eta Pello Ramirez bikotea, eta Trivium Klezmer Aragoiko taldea ere izango dira Zornotzako Eleizetan jaialdian parte hartzen. Ganbera musika, euskal foklorea berritua, eta Europako Ekialdeko doinuak ekarriko dituzte, hurrenez hurren.

Autobusa baselizetara

Andoni Agirrebeitia zinegotziak azpimarratu duenez, aurten ere, herrigunetik autobusa aterako da, auzoetako emanaldietara joateko. Gudari kaleko Bizkaibusen geltokitik aterako dira autobusak emanaldia baino ordu erdi lehenago (eta 45 minutu lehenago Bernagoitiko baselizako emanaldieta joateko).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!