Lorenzoren azken uneko hirukoak hirugarren partidura bideratu du Zornotza

Anboto 2014ko api. 28a, 10:00

Zornotza saskibaloi taldeak 59-56 irabazi zion El Prat taldeari zapatuan eta berdindu egin du play off-etako kanporaketa. Toni Lorenzok azken segundoan sartutako hirukoak eman zion garaipena. Hirugarren partidu erabakigarria Katalunian jokatuko dute martitzen arratsaldean.

 

Larrea lepo bete zuten zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko zapatuko partidua. Gogoratzeko modukoa izan zen eta hitzordu handi batek eskatzen dituen osagai denak izan zituen: emozioa, borroka, magia eta azken uneko balentria. Azken minutuko azken segundoan sartu zuen Toni Lorenzok zornotzarrei garaipena eman zien hirukoa. Zortzi metrotik gora zeuden jokalariaren eta saskiaren artean, baina galiziarrak asmatu egin zuen zaleen gozamenerako. Ondorioz, Zornotzak igoera play off-eko kanporaketa berdindu egin du; martitzen arratsaldean Katalunian erabakiko da finalerdietara zein talde igaroko den.

Partidu gogorra izan zen, talde biek intentsitate handiz jokatu zutena. Lehen laurdena Carretoren hiruko batekin amaitu zen eta Zornotza aurretik: 16-15. Bigarren laurdenean Zornotzak agindu egin zuen. Joseba Iglesiasek uztaitik gertu egindako lan eraginkorrak (erreboteak eta bost txapel tartean) El Prateko jokalari gazteak hiruko marratik saiatzera behartu zituen eta ez zuten asmatu. Ondorioz, Zornotza alde politarekin aurretik heldu zen atsedenaldira: 35-26.

Aldageletatik bueltan El Prat-ek erreakzionatu egin zuen eta puntuko bat aurretik ipini ziren (45-46) azken laurdenari begira. Azkenako hamar minutuak gogoangarriak izan ziren, batez ere azken minutua. Minutu eta erdiren faltan Zornotza lau puntu behetik zela, Iker Salazarrek balio handiko saskiratze bi lortu zituen uztai azpian. Azkenengo lau segundoetara 56nako berdinketarekin heldu ziren. Ordura arteko lau saiakerak huts egin zituen arren, Toni Lorenzorentzak prestatu zuten azken jokaldia. Baloia jaso zuen. Saskitik oso urruti zegoen. El Prateko defentsak tokia utzi zion. Jauzi egin, eskua luzatu eta… barrura. Zaleak pozez txoratzen eta jokalariak ere bai. Partidu handi batek merezitako amaiera izan zuen.

 

Iturria: Zornotza saskibaloi taldea

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!