Galdu arren, Zornotzak oraindik bere esku du play off-etarako sailkapena

Anboto 2014ko api. 7a, 14:10

Azken unera arte irabazteko aukerak izan zituen Zornotzak (Argazkia: Kepa Aginako)
Zornotzak hortzak erakutsi zizkion El Prat bigarren sailkatuari eta luzapenean galdu zuen: 74-76. Kyle Rowley (jardunaldiko MVP-a) eta Ibon Carreto (25 puntu) izan ziren onenak. Gainerako emaitzak aldekoak izan dituenez, azken partiduaren faltan, oraindik play off postuan dago Zornotza.

 

Afizioa egiten duen partidu horietakoa jokatu zuten zapatu arratsaldean Zornotza Saskibaloi Taldeak eta Kataluniako El Prat-ek (Juventud taldearen filiala). Emozioa, jokaldi harrigarriak, orain talde bata aurretik segidan bestea… Partidu handi baten osagai denak izan zituen. Azkenean, luzapenean desorekatu zen balantza, kataluniarren aldera zoritxarrez. Hala ere, jardunaldi baten faltan, Zornotzak play off postuan darrai (9. tokian). Datorren zapatuan Avilako (Gaztela Leon) Obila kluba bisitatuko du.

Zornotza indartsu kantxaratu zen eta lehen laurdenean agindu egin zuen: 18-14. Bigarren laurdenean gehiago sufritu zuen, baina atsenaldira aurretik heldu zen; hori bai, puntu bakarraren aldeagaz : 38-37.  Hirugarren laurdena kataluniarrena izan zen: 47-51. Azken laurdenean tentsioa eta emozioa izan ziren nagusi. Partidua amaitzeko bost segundoren faltan, Zornotza puntu bi azpitik zen markagailuan. Euren jaurtiketa huts egin, baina Ibon Carretok hartu zuen errebotea eta jaurtiketa ikusgarri baten bidez partidua luzapenera bidali zuen. Luzapenean ere parekotasuna izan zen nagusi. Azken uneko porrotak ez zuen aurretik eskainitako ikuskizuna ilundu eta zaleek txaloen artean agurtu zuten taldea.

Zornotzaren aldetik Ibon Carreto (25 puntu) eta Kyle Rowley izan ziren onenak. Azken horrek 28ko balorazioa izan zuen (18 puntu, 17 errebote eta 10 falta jasoak) eta jardunaldiko MPV lez izendatu dute. Partiduko gakoa jaurtiketa libreetan egon zen. Zornotzak %59a bakarrik asmatu (16/27) zuen eta El Prat taldeak %93a (13/14).

Gainerako emaitzak, aldeko

Jardunaldiko gainerako emaitzak onak izan ziren Zornotzarentzat. Atzetik orpoz orpo dituen Marin Peixegalego eta  Conservas de Cambados taldeek galdu egin zuten eta zornotzarrengandik partidu batera jarraitzen dute. Azpeitiak bere norgehiagoka irabazi eta Zornotza harrapatu egin du sailkapenean, baina Zornotzak bederatzigarren postuari eusten dio. Datorren asteburuan liga erregularreko azken  jardunaldia jokatuko dute. Zornotzak Avilako Eulen Carrefour-en kantxa bisitatuko du. Gaztela Leongo taldea zazpigarren kokatuta dago sailkapenean. Zornotzak bere esku du sailkapena: irabaziz gero berea da eta galduta ere aukerak ditu gainerako emaitzak laguntzen badute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!