Movistarrek talde indartsua ekarriko du Zornotzako Udaberri Klasikara

Anboto 2014ko api. 3a, 13:48

Amorebietako txirrindulari elkarteak antolatzen duen Udaberri Klasikak 60. ekitaldia izango du aurtengoa. Autzaganeko obren ondorioz, ibilbidea moldatu egin behar izan dutela da nobedade nagusia. Taldeei dagokienez UCI Protourreko talde bakarra etorriko da: Movistar.


Zornotzako klasika apirilaren 13an izango da, domeka. Nafarroa kalean izango ditu irteera (09:25ean) eta helmuga. Autzaganeren ordez, Muniketa behin igoko dute Arrianditik, eta, Urrutxuako itzulia osatu ostean, birritan Zugastietatik. Ibilbidearen moldaketak bi ondorio ditu. Batetik, baliteke, oro har, aurreko aldietakoa bezain gogorra ez izatea, baina Muniketarako igoera guztiak nahiko segidan daude, eta borroka polita sortu daiteke. Bestetik, azken aldapatik helmugara ohikoa baino bide luzeagoa dago, hamalau kilometro, eta ihesean doanak segundo batzuen aldea baino gehiago beharko du helmugara alde eginda heltzeko. Ibilbide berriak aurrekoaren ia luzera berbera izango du: 171,5 kilometro.


Guztira 12 talde
Guztira 12 taldek parte hartuko dute. Horietatik talde bakarra da Protour liga profesionalekoa: Movistar. Ondoren, UCI Kontinental mailako talde profesional bat dator: Caja Rural. Gainerako talde guztiak Kontinental mailakoak dira, tartean Euskadi taldea, Portugalgo lau talde, eta Errusiako, Serbiako eta Filipinetako bana.
Lasterketa irabazteko faborito argia Movistar taldea da. Datozenen zerrendari bere horretan eusten badiote, Alejandro Valverde murtziarra izango da talde burua. Orain arte hiru bider irabazi du Amorebietako klasika: 2003, 2004 eta 2009an. Fede Etxabek ere hiru garaipen ditu (1997, 1999 eta 2004).


Euskadi Fundazioko Illart Zuazubizkar abadiñarra eta Movistarreko Beñat Intxausti zornotzarra izango dira Durangaldeko ordezkariak.


Gazte mailako lasterketak
Asteburu honetan gazte mailako lastertekak egongo dira. Zapatuan kadete (11:00etan) eta junior (16:00etan) mailakoak, eta domekan 23 urtez azpikoa (10:00etan). Azken horiek 109 kilometroko ibilbidea osatuko dute helmugaratu aurretik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!