Denboraldiko unerik onenean ezeri ez dio uko egin nahi Amorebietak

Anboto 2014ko martxoaren 28a

Mailari eusteko helburu nagusia beteta, gora begira ipini da Amorebieta; playoff postuan sartzeko borrokatuko da liga amaitzeko falta diren zazpi partiduetan.

 

Aurretik zazpi final geratzen zaizkio Amorebietari, dagoeneko Bigarren B Mailari eustea lortu duen arren. Helburu nagusia beteta, oraindik 21 puntu geratzen dira jokoan, eta playoff postuan dagoen Toledo bost puntura du. Talde asko daude puntu gutxiren barruan, eta postuen dantza horretan Amorebietak  oraindik zeresana izan dezake, batez ere, geratzen zaizkion zazpi partiduetatik lau arerio zuzenen (Barakaldo, Athletic B eta Toledo) kontra izango dituelako. Esaterako, domeka honetan, 11:30ean, Las Palmas Atlético bigarren sailkatua hartuko du Urritxen. Irabazita, lau puntura hurreratuko litzateke. Kluben baliabide orokorrei dagokienez, goitik dituen talderik gehienen aldean talde xumea da Amorebieta, baina horrek ez du kokiltzen: “Denboraldiko unerik onenean gaude, eta guztiarengatik borrokatuko dugu. Momentuz ez dugu ezer baztertzen. Mailari eustea lortu genuenean, geure buruari esan genion zortzi final geratzen zitzaizkigula. Tudelanori irabazi diogu, eta orain zazpi final geratzen dira”, dio Iñaki Leniz entrenatzaileak. Zazpitik bost irabazita helburua lortu dezaketela uste du, baina kalkuluak errealitate egiteko modua partidurik partidu joatea dela uste du.


Domekako partidua da dinamika horretako lehen erronka. Las Palmas talde “oso ona” dela uste du Lenizek: “Ez da beste filial batzuen modukoa. Jende gaztea eta esperientziaduna batzen ditu. Guk asko presionatzera, eta intentsitate handiagaz jokatzera irten behar dugu, batez ere, lehen ordu laurdenean”.


Talde goleatzailea
Bigarren B Mailan bere multzoko bigarren talderik golegileena da Amorebieta, Real Madrid C-ren atzetik. Mikel Orbegozo  hamar golekin eta Javi Casares bederatzirekin (Tudelanoren kontrako garaipenearen gola sartu zuen) dira taldeko goleatzaile nagusiak, baina denboraldi honetan beste hamar jokalarik ere lortu dute arerioaren atea zulatzea; esaterako, Aitor Blancok bost gol daramatza, eta Nestor Salinasek lau.
Defentsan, aldiz, gero eta sendoago dabil Amorebieta. Lehen itzulian, eta etxean, nahi baino gol gehiago jaso zituztela onartu du Lenizek, baina bigarren itzulian lan hobea egiten ari dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!