Aurkezpenean Zornotzako elkarte eta eragileen ordezkaritza zabalak parte hartu zuen. Arlo politikoan, EAJ eta Bildu alderdietako zinegotziak izan ziren Zelaieta zentroan. Kultur arloko ordezkariak Zokoel jai batzordea, Zornotzako bertso eskola, Triki Piu Pan elkartea, Alaiak abesbatza, Primeros Auxilios musika taldea eta Txitxarra elkartea zeuden. Kirol arloan berriz, Urgozo txirrindulari taldea, Amorebieta futbol taldea, Zornotza Saskibaloi taldea eta Zornotzako mendi taldea. Irakaskuntzari dagokionez, LH Institutuko kideak, Zubiaur musika eskola eta Andra Mari ikastolako ordezkariak izan ziren ekitaldian. LAB sindikatuko, AEK euskaltegiko, Udalen emakume elkarteako eta Nañon euskara elkarteko kideak ere hurreratu ziren.
Harpidetza kanpaina
Hurrengo urratsa Zornotzan harpidetza kanpaina indartsu bat egitea izango da. “Garrantzitsua da zornotzarrek argi izatea doan izan arren Anboto etxean jasotzeko harpidetza egin behar dela”, diote Anbotoko arduradunek. Harpidetza egin ahal izateko eskuorria banatuko da etxe guztietan. Bertan, izena emateko bideak azaltzen dira. Eskuorrian eskatzen diren datuak beteta Zelaieta zentroan eta AEK eta Udal euskaltegietan jarritako kutxetan utzi daiteke. Bestalde, e-mailez (anboto@anboto.org-era mezua bidalita), anboto.org webgunearen bidez edo 946816558 telefonora deituta harpidedun egiteko aukera dago.
“Lehenengo asteetan martxa hartzen lana izango dugu. Banatzaileak ibilbidea ezagutu eta harpidetza berriak etorri ahala erregistratuko ditugu.”, azaldu du Miren Abasolo Anbotoko banaketa arduradunak. Urte bukaeran balorazioa egingo dute.