Joan zen astean Anbotok Zornotzara zabaltzeko hitzarmena sinatu zuen Zornotzako Udalagaz. Horrela, bariku honetan, lehenengoz Zornotzako albisteak gainerako 12 herrien moduan landuko dituzte astekarian baita webgunean (anboto.org) ere. Herriko elkarte eta eragileei Anbotoren proiektua azaltzeko eta hartu-emanean jartzeko, aurkezpena egingo dute, gaur, 19:00etan Zelaieta zentroan. Jasone Agirre Anbotoko presidenteak azaldu duenez, "herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua da Anboton. Ildo horretatik, elkar ezagutu eta informazioa transmititzeko hitzordua jarri dugu gaurko".
Duela urtebete Zornotzako herritar talde batek herrian euskarazko hedabideen premia zutela iritzita Anboto Zornotzara zabaltzeko ekimena jarri zuten martxan. Sinadurak bildu zituzten eta udalagz ere hartu-emanean jarri ziren. Besteak beste, sare sozialean zabalkundea emateko bideoa grabatu zuten eta talde argazki jendetsua ere atera zuten. Orain, harpidetza kanpaina indartsu bat egiteko asmoa dute ahalik eta harpidedun gehien batzeko.