Amorebieta futbol talde guztietako jokalariak kromoetan batu daitezke

Anboto 2014ko mar. 6a, 14:00

Amorebieta futbol taldeko denda ofizialean eskuratu daiteke liburuxka, dohainik, eta kromoak herriko 14 establezimendutan salduko dituzte.
Amorebieta futbol klubak ekimen arrakastatsua abiatu zuen iaz: kluba osatzen duten talde guztietako jokalariekin –benjaminetatik hasi eta nagusietaraino– osatutako kromoen albuma o argitaratu zuen. Ekimenak hain harrera ona izan zuenez, aurten albuma berrargitaratzea erabaki dute.

 

Bigarren B Mailan eta Bizkaian aitzindaria izan zen ekimena, iaz. Aurten Barakaldo, Gernika eta Sestao taldeek ere eredu bera jarraitzea erabaki dute, diru iturri bat izateaz batera, herrian zeresana emateko eta zaletasuna sustatzeko modua ere badelako. 

Amorebietak orain bi aste ipini zituen salgai kluba osatzen duten 20 taldeetako jokalari guztien argazkiak berriro. Herriko 14 establezimendutan eskuratu daitezke; herriko gozoki denda guztietan eta Txolon futbol zelaian, esaterako. Euro baten truke zortzi kromoko sobre bat eskuratuko du bilduma egiten dabilenak. Kromo horiek itsasteko liburuxka, aldiz, doakoa da, eta Amorebieta futbol klubeko denda ofizialean hartu daiteke: 17:00etatik 20:00etara astegunetan, eta 11:00etatik 13:00etara zapatuetan. 

Guztira, 400 bat jokalari inguruko albuma osatu daiteke. Horietatik gehienak benjaminetatik hasi eta Bigarren B Mailan diharduen talde nagusirainoko jokalarienak dira. Baina modu batera edo bestera klubarentzako esanguratsuak izan diren jokalari historikoenak ere badaude; batez ere, 90eko hamarkadakoak, baina aurreragokorik ere bai. Beste atal batean klubaren une historikoak jasotzen dituzten 20 bat kromoren bilduma ere egin daiteke. Horrela, orain urte bi Amorebietagaz Bigarren A Mailara igotzeko kanporaketajokatu zuen Xabi Gurtubairen, gaur egun Athleticen dabilen Xabi Etxeitaren eta Barakaldon dabilen Jon Orbegozoren argazkiak lortu daitezke albuma osatzerako orduan. Jonen anaia Mikelek ere Amorebietan jokatzen du gaur egun.

Horrelako albumetan gertatzen den legez, kromo batzuk lortzea gaitzagoa izango da beste batzuk eskuratzea baino. Eta zailak diren horiek ez dute zertan izan jokalari historiko batenak, edonorenak izan daitezke. 

Gaztetxoenen ilusioa

Amorebieta futbol klubeko gerentea den Saioa Larrinagak ekimenak gaztetxoen artean eragin duen "ilusioa" nabarmendu du: "Futbol klubean dabiltzan gaztetxoak oso pozik daude euren burua album batean ikusita. Normalean, horrelako albumak lehen mailan ezagunak diren jokalariekin egiten dituzte, eta orain eurak ere protagonista direla ikusteak ilusioa eragin die". Klubak orain aste bi berrargitaratu zituen kromoak, baina gaztetxoak "irailetik hona galdezka zebiltzan ea kromoen bilduma berriro egiteko modua noiz izango duten". 

Ekimenaren arrakasta "sorpresa bat izan da denontzat, eta espero baino harrera hobea izan du", adierazi du Larrinagak. Gainera, klubarentzako diru iturri bat ere bada. Orain eskuragarri dagoen bildumak ere harrera ona izaten badu, kromoen bilduma urteroko ekimena izan daitekeela adierazi dute ekimenaren arduradunek. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!