Zornotzako liburutegiak antolaturiko ekimena da Pasioaren ertzak izenekoa. Pasioa kontzeptua gaitzat hartuta, eta sorkuntzaren hiru arlori begira, beste horrenbeste kultur proposamen dakartza ekimenak Zornotzara.
Batetik, argazkilaritza eta literaturaren arteko harremana landuko dute ikastaro batean. Parte hartzeko otsailaren 26ra arte eman daiteke izena.
Bestetik, pasioa idazgaitzat hartuta, literatura lehiaketa ere antolatu dute ekimen honen barruan. Lehiaketa horretara bidalitako testuek ezingo dute 150 berba baino luzeagoak izan, eta martxoaren 1etik maiatzaren 31ra arteko epea zabalduko dute lanak bidaltzeko.
Bukatzeko, berbak eta irudiak uztartuta, literatura lehiaketako testurik onenekin eta argazkilaritza tailerreko emaitzarekin erakusketa ipiniko dute, irailean, Zelaieta Zentroan.