Poesia eta musikan oinarrituriko ‘Jainko txiki eta jostalari hura’

Anboto 2014ko ots. 11a, 11:00
Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bigen Mendizabal, Kirmen Uribe eta Mikel Valverderen elkarlanaren emaitza, eguenean, Zornotzako Zelaieta Zentroan

 

Jainko txiki eta jostalari hura ikuskizuna izango da, eguenean, Zornotzako Zelaieta Zentroan gozagai. Otsailaren 13an, beraz, 20:30ean izango da emanaldia. Kirmen Uribek idatziriko testuak, Mikel Urdangarinen, Rafa Ruedaren eta Bigen Mendizabalen musikagaz uztartzen dituzte ikuskizun horretan.

Musikaz jantziriko berba horiekin batera, gainera, Mikel Valverderen ilustrazioak ere emango dituzte egueneko saioan. Jainko txiki eta jostalari hura “multimedia ikuskizuna” dela azaldu dute egileek eurek: gitarren, teklatuaren, biolinaren, mandolinaren, perkusioen eta ahotsen doinuek lagunduriko poesia irakurraldiak eta proiekzioak biltzen ditu zuzeneko emanaldiak.

Badu aurrekaririk elkarlan honek: Zaharregia txikiegia agian disko-liburua. Orain hamar urte, 2003an, jardun zuten elkarlanean sortzaileok lehenengoz, eta New Yorken aurkeztu zuten Zaharregia txikiegia agian proiektua.
Hamarkada bat geroago, euskara, gaztelania eta ingelesezko ekimen berria plazaratu dute: Zornotzako emanaldian zuzenean aurkeztuko duten Jainko txiki eta jostalari hura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!