Zaldibarko Etorkizuneko Olazar Pilota Txapelketako hirugarren final laurdenak jokatuko dira gaur, 21:00etatik aurrera. Lau eta erdian Cestauk eta Garridok neurtu behar zituzten indarrak, baina Cestau eskuko minekin dabil eta Olazarretik erretiratzea erabaki du. Ondorioz, antolatzaileek aurreko final laurdenetan tantorik gehien egindako pilotaria berreskuratu dute eta Koldo Bikandi iurretarra da pilotari hori. 21 tanto egin zituen Ibon Ibarraren kontrako partiduan. Horrela, Bikandi-Garrido da gaur jokatuko den final laurdena. Binaka, berriz, honako hau da partidua: Arribillaga-Santesteban / O.Etxeberria-Uriarte.
Zuzeneko emankizunean Haritz Gallastegi arituko dira esatari lanetan, eta Enrike Agirrebeitia komentarista. Antolatzaileek egindako saioek kalitatezko errealizazioa dute: hainbat kamera, errepikapenak, datuak, elkarrizketak…
Joan zen egueneko final laurdenetan Armaoleak 22-12 menderatu zuen Rekalde II lau eta erdiaren barruan. Binaka Beitiak-Elorz bikoteak 22-4 irabazi zuen Sarasibar-Apeztegia bikotearen aurka.