Baserriko produktuei loturiko 31 postu egongo dira guztira: bost ortuari postu, ogia eta gozoak erosteko zazpi, eztien beste bost, lau gazta postu, postreak erosteko postu bi eta bestelako produktuekin osaturiko hamar mahai. Ekoizleak Euskal Herriko luze-zabaletik etorriko dira. Batzuk eskualdekoak izango dira (Zaldibarkoak, Berrizkoak, Mallabikoak eta Mañarikoak), Bizkaikoak beste batzuk (Bilbokoak, Larrabetzukoak, Orozkokoak, Gamiz-Fikakoak, Basaurikoak, Balmasedakoak), gipuzkoarrak hainbat (errezildarrak, irundarrak eta zumarragarrak) eta lapurtarrak beste bi (hendaiarrak eta uztariztarrak). Halaber, hamar artisauren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera ere egongo da.
Neguko jaien atari
Domekakoa sanandresetako lehenengo hitzordua izango da Zaldibarren. Ospakizunek datorren asteburuan izango dute segida. Pintxo solidarioak, DJ Josemari, magia ikuskizuna eta jubilatuen bazkaria egongo dira, besteak beste.