Zaldibarko Etorkizuneko Olazar Pilota Txapelketako bigarren final laurdenak jokatuko dira gaur, 21:00etatik aurrera. Lau eta erdian Armaoleak eta Rekalde IIk neurtuko dituzte indarrak. Binaka honako hau da partidua: Beitia-Elorz / Sarasibar-Apeztegia II.
Zuzeneko emankizunean Haritz Gallastegi arituko dira esatari lanetan, eta Enrike Agirrebeitia komentarista. Antolatzaileek egindako saioek kalitatezko errealizazioa dute: hainbat kamera, errepikapenak, datuak, elkarrizketak…
Bernaola finalerdietan eta Bikandi kanporatuta
Joan zen asteko lehenengo final laurdenak gazi-gozoak izan zen eskualdeko pilotarientzat. Alde batetik, Aingeru Bernaola mañariarrak finalerdietarako txartela eskuratu zuen Egigurenegaz batera, Lizeaga-Sotil bikotea mendean hartuta: 22-15. Aurkariak ziren faborito, tartean Lizeaga munduko txapelduna zegoelako, baina Bernaolak eta Egigurenek goi mailan jokatu zuten. Finalerdietako partidua abenduaren 17an izango dute. Bestetik, Koldo Bikandi iurretarra tanto batengatik bakarrik geratu zen lau eta erdiko finalerdietatik kanpora. 21-22 irabazi zion Ibon Ibarra eibartarrak.