Olazarren zuzeneko emankizunekin hasiko dira, Bikandi eta Bernaola protagonista direla

Joseba Derteano

Elorz eta Lizeaga munduko txapelketako garaipena ospatzen. Olazarren jokatuko dute. EEPF

Zaldibarko Etorkizuneko Olazar Pilota Txapelketa final-laurdenetan sartuko da gaur, eta horregaz batera txapelketako antolatzaileek zuzeneko emankizunak hasiko dituzte. Abenduaren 31ra arteko jardunaldi guztiak anboto.org atarian ikusi ahal izango dira, eta baita Zaldibarko Udaleko youtube kanalean ere.

Zuzeneko emankizunean Haritz Gallastegi arituko dira esatari lanetan, eta Enrike Agirrebeitia komentarista. Antolatzaileek egindako saioek kalitatezko errealizazioa dute: hainbat kamera, errepikapenak, datuak, elkarrizketak…

Azaroaren 12an partidu bi egongo dira ikusgai, 21:00etan, eta bietan eskualdeko protagonistak daude. Lau eta erdian Koldo Bikandi iurretarrak Ibon Ibarra eibartarra izango du aurkari. Partidu parekatua aurreikusten da. Binaka, Aingeru Bernaola mañariarrak eta Egigurenek Lizeagaren eta Sotilen aurka jokatuko dute finalerdietara sailkatzeko asmoz. Kasu honetan bigarrenak izango dira faborito.

Munduko hiru txapeldun
Eskualdeko pilotariak ez dira txapelketaren arreta erakarriko duten pilotari bakarrak. Oraintsu Argentinan eta Uruguain jokaturiko munduko txapelketan txapeldun izandako hiru pilotarik oraindino bizirik jarraitzen dute Olazarren. Euretariko bi Eñaut Lizeaga astigarragarra eta Oier Elorz zaratamarra dira. Biek elkarregaz binakako txapelketa irabazi zuten orain hiru asteburu Argentinan Euskal Pilota Selekzioagaz. Hain zuzen ere, Lizeagak gaur jokatuko du Olazarren. Elorzen bikotekidea Beitia da txapelketa honetan.

Olazarreko kantxa zapalduko duen beste munduko txapelduna Jorge Fernandez da. Pilotari errioxarra buruz buruko txapeldun geratu zen Espainiako selekzioagaz eta urrezko domina kolkoratu zuen. Olazar txapelketan Apeztegiagaz osatuko du bikotea. 

Gogoratu behar da finalerdietatik aurrera emakumeen txapelketa ere jokatuko dela, lau pilotarigaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!