Zaldibartarrek zabalik daukate 2027ko parte hartze bidezko aurrekontuetan proposamenak aurkezteko epea. Interesdunek bi bide dituzte ideiak udalari helarazteko: bata, udal bulegoak dira. Bertan bete daitezke inprimakiak. Bestea, liburutegia da. Udalak buzoi bat jarri du bertan, bete beharreko hainbat orrirekin.
Proposamenak egiteko epea azaroaren 26an iraungiko da. Hortik aurrera, udaleko bulego teknikoak ekarpenak aztertuko ditu bideragarriak diren edo ez jakiteko, eta udalak ezarritako diru-atala gainditzen duten ala ez ikusteko. Izan ere, Zaldibarko Udalak 20.000 euroko diru-partida prestatu du 2027ko parte hartze bidezko aurrekontuetarako.
Aurreko urteetakoak
2027ko parte hartze bidezko aurrekontuez gainera, Zaldibarko Udalak jakinarazi du bai 2025eko proiektu irabazlea bai 2026koa egikaritze bidean daudela. Olazarko ur-txorrotak urtea amaitu baino lehen hasiko dira berrizten, eta udaberri aldean egongo dira erabilgarri. Bestetik, Gernikako Arbola parkea berritzeko obra 2027 baino lehen lizitatuko da. Bertan, % 30 handituko dute zuhaitzen presentzia, eta % 70 berdegunea. Horrez gainera, material organikoko jolas-gunea sortuko dute.