Zaldibarko eskolako jolasgune berria gaur arratsaldean zabalduko dute

Anboto

Hileetako lanak amaituta, jolastokiko berdegunea prest dago umeak hartzeko.

Gaurtik aurrera, Zaldibarko eskolako ikasleek eremu berri bat izango dute erabilgarri jolasorduaz eta aisialdiaz gozatzeko: parke berde bat. Eta ikastetxeak espazio natural hori irabazi duela ospatzeko, gaur arratsaldean jai txikitxo bat egingo dute. 16:15ean, umeek txokolatada egin eta horma-irudi bat margotuko dute Eñaut Aiartzaguena artista iurretarraren gidaritzapean. 

Azpiegitura berria gaur zabalduko duten arren, aspaldikoak dira ikastetxean berdegunea ipintzeko eskaerak. Gutxienez 2018koak, eskola komunitateko kideak orduan hasi ziren-eta jolaserako eremu naturalago baten beharrizana plazaratzen. Baina proiektua atzeratzen joan da urterik urte, harik eta eskola komunitateko kideek 2023an eskaera berrartu zuten arte. Zaldibarko Udalak iazko azaroan hasi zituen lanak, eta oraintsu amaitu ditu. 307.489 euroko aurrekontuagaz, 1.500 metro karratuko berdegunea eratu dute. Barruan, eszenatoki txiki bat, begiralekuak, jesarlekuak, jolasak, belarra eta egitura kubikoak ipini dituzte. 

Eneritz Azpitarte alkateak azpimarratu duenez, obrak helburu bikoitza dauka: "Eskolako jolastokia handitzea batetik, eta umeei naturagaz kontaktu gehiago izateko espazioa eskaintzea bestetik. Izan ere, umeek kiroldegia erabili izan dute gehienbat orain arte", nabarmendu du Azpitartek. Halaber, alkateak gaineratu du berdegunea lehenengo fasea dela jolastokia hobetzeko lanen artean. Aurrerantzean, eskolako eraikinen arteko eremuan ipiniko dute arreta, asfaltozko espazioan. "Bigarren faseak eremu hori berriztea eta jolastokia bere osotasunean hobetzea ahalbidetuko digu. Gure herriko hezkidetza hobetu egingo dugu jolastoki hezigarriago bategaz", adierazi du Azpitartek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!