Ane Fernandez de Arroiabe Euskadiko txapeldun geratu da gimnasioa erritmikoan

Anboto

Ane Fernandez de Arroiabe Euskadiko txapelketan eskaini zuen ariketako momentu batean (Argazkiak: Olazarmendi)

Zaldibarko Olazarmendi klubeko gimnastak gazte mailan eskuratu du lorpena.

Olazarmendi klubeko Ane Fernandez de Arroiabe gazte mailako Euskadiko txapeldun geratu zen domekan, Leion lehiatutako txapelketan. Garaipen horri esker Oinarrizko Kopa Nazionalerako bost plazetako bat eskuratu zuen. Txapelketa hori abenduan jokatuko da. 

"Sailkapen hori azken urteotan nabarmen gogortu den lehiaketa batean lortu du. Izan ere, gero eta gimnasta gehiagok erabakitzen dute kirol ibilbidea luzatzea, eta jubenil kategoriako parte-hartzaileen kopurua handitzen ari da. Bilakaera hori bereziki esanguratsua da gimnasia erritmikoan. 23 urterekin, Anek aldaketa horren erakusgarri da: beren burua kirolari gisa aldarrikatzen duten eta gimnasia erritmikoak helduaroan ere beren bizitzaren parte izaten jarrai dezakeela erakusten duten emakumeena, hain zuzen", nabarmendu dute klubetik ohar batean.

Olazarmendiko Nerea Gomezek ere txapelketa eta maila berean parte hartu zuen. 17 urteko gazteak 13. tokian amaitu zuen, bere baino askoz ere esperientzia gehiagoko gimnasten artean. Gomezen kasuan, klubetik azpimarratu dute, kirolari gazteenekin "ikuspegi zabal batetik" lan egin eta "denboraldiko helburu bakarra Espainiako Txapelketarako sailkapena izatea ekidin" behar dela. "Txapelketarako txartela lortzea oso zaila da, eta prozesu osoa emaitza horren arabera soilik neurtuz gero, kirolari baten garapenerako funtsezkoak diren urratsak gutxiesteko arriskua dago. Nereak lehiaketaz lehiaketa gainditu ditu beldurrak. Hala, denboraldiko presio handieneko txapelketan, izaera eta ausardia handiko ariketa egin zuen, aurrera egiten jarraitzeko eta unean uneko eskakizunei erantzuteko duen gaitasuna erakutsiz", adierazi dute.

Ane Fernandez de Arroiabe eta Nerea Gomez Euskadiko txapelketan, euren entrenatzaileekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!