Zaldibarko Udalak publiko egin ditu herriko parkeak eta berdeguneak hobetzeko estrategiaren emaitzak. Herritarren parte hartzearekin garatutako prozesua 2025eko maiatzean abiatu zen eta aurtengo urtarrilaren artean iraun zuen. Herritarrek aisialdirako eremuen eta berdeguneen diagnostikoa egin zuten, eta hainbat proposamen egin zuten horiek hobetzeko. Udalak etorkizunerako bide-orri modura erabiliko ditu herritarrek egindako ekarpenak. Eneritz Azpitarte alkateak azaldu duenez, "herritarren diagnostikoarekin eta proposamenekin urrats estrategiko garrantzitsua eman dugu gure herria pertsonen eta beren zaintzaren erdigunean jartzeko, baita klima- aldaketaren erronkari tokiko mailatik erantzuteko ere”.
Hobekuntzarako proposamenak 16 gunetan jaso dira:
- Bizkaiko Diputazioa plazan (Udaletxeko plaza), herri-ekitaldietarako atari- gune nagusia denez, gerizpe-ratioa handitzea, hosto erorkorreko zuhaitzak landatzea eta jolas-elementu multifuntzionalak jartzea.
- Jose Antonio Agirre parkean, jolas-eremuaren irisgarritasuna hobetzea, jolas inklusiboetarako elementuak jartzea, aterpea konpontzea, zaborrontziak jartzea eta zuhaitz gehiago ipintzea.
- Ospitale inguruko Euskalerria kaleko berdegunean, bizikidetza eta natura areagotzeko neurriak hartzea, hala nola taldeka esertzeko bankuak ipintzea eta intsektuentzako zein txorientzako elementuak kokatzea.
- Zaldua-Solo plazako jolasgune izaera handitzea, aterpe berria sortuz, pergolan landare igokariak jarriz eta erdiguneko txintxaunen ordez jolas inklusibo berriak kokatuz.
- Taberna-Solo parkean, liburutegiaren atari izaerari erantzunez, gerizpea %15 handitzea, banku irisgarriak eta zoru iragazkorra jartzea jaso da, baita zaharkitutako jolasak berriztatzea ere.
- Bolatokiko eremuan, atseden-gune modura, aterpea mantentzea, loreak landatzea, perimetroa irekitzea eta hormetan esku hartze artistikoa egitea.
- San Martin plazan, autoen aparkatzea ekiditea, bolatokia berreskuratzea eta rokodromo txiki bat jartzea, eta horma irudi historiko bat egitea.
- Olazarko zelaian, hegoaldeko sarrerako irisgarritasuna hobetzea, baso eremuan jolas multifuntzionalak ipintzea, esertzeko eta etzateko hiri-altzariak jartzea eta berdegunean ariketa fisikorako elementuak jartzea.
- Zaldua plazan zein Eskolako jolastokian nahiz berdegunean, gerizpeak egokitzea, esertzeko altzari irisgarriak atontzea eta jolas multifuntzionalak kokatzea.
- Gernikako Arbola parkean, zuhaitzen presentzia %30 handitzea eta berdegunea %70 zabaltzea, baita URArekin elkarlanean erreka garbitzea ere. Horrez gainera, material organikoko jolas-guneak sortzea.
- Zaldugain parkean, zuhaitz kopurua %15 handitzea, paisaiari begirako taldekako bankuak jartzea eta jolasak berriztatzea.
- San Andres auzoko Agarre eta Zeartzape parkeetan gune aterpetuak sortzea, zuhaitz kopurua handitzea, jolas inklusiboak jartzea eta erdigunerainoko paseo- ibilbidea egokitzea, Agarren bizilagunekin parte-hartze saio espezifikoa eginez.
- Azkenik, Kiroldegi atzeko berdegunean barne-irisgarritasuna, argiztapena eta kirol-ekipamenduak hobetzea, hezkuntza zein aisialdi erabilerarako, eta Olazar kaleko parketxoan zuhaitzen gerizpea %15 handitzea, landaredi berria landatuz eta Olazareko berdegune handiarekin konexioa indartuz.