Zaldibarko udaletxeko etxebizitzak gazteen alokairura eta larrialdi egoeretara bideratuko dituzte

E.H.

Udalak Mankomunitateari lagako dio etxebizitzetako bat, hark gizarte zerbitzuetan erabili dezan. Beste etxebizitza  biak herriko gazteentzat ipiniko dituzte alokairuan.

Zaldibarko udaletxeko hiru etxebizitzek erabilera berria izango dute aurrerantzean. Orain arte, 1995tik hona, hiru etxebizitza horiek Osakidetzak erabili ditu buru-osasuneko pazienteen tutoretza-bizitegi modura, baina Zaldibarko Udalaren eta Osasun Sailaren arteko akordioa agortu egin dela-eta, udalak erabilera berri bat emango die aurrerantzean. Etxeetariko bat Mankomunitateari lagako diote, hark larrialdi egoeran daudenen mesedetan erabili dezan, gizarte zerbitzuen bitartez. Beste etxebizitza biak herriko gazteentzat ipiniko dituzte eskuragarri, alokairuan. Azken horri dagokionez, udalak alokairurako oinarriak landuko ditu datozen hilabeteetan. Gainera, etxebizitza horiek behar bezala eraberritzeko konpromisoa hartu du, eta zeregin horretarako diru-atala gordeko du 2027ko udal aurrekontuei begira.

Zaldibarko osoko bilkurak aho batez onartu du erabakia, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Eneritz Azpitarte alkateak azpimarratu duenez, erabakia "garrantzitsua" da "bai edukiagatik bai alderdi politikoen adostasunagatik": “Etxebizitza arazo larri bat da gaur egun, eta Zaldibar ez dago errealitate horretatik salbuetsita. Horregatik, udalak bere eskura dauden tresnak eta baliabideak ipiniko ditu zaldibartarren ongizatearen eta bizi-kalitatearen mesedetan", esan du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!