Eskualdeko lau pilotari borrokan hastear den Olazar txapelketan

Anboto

Irailaren 17an jokatuko da lehen jardunaldia, Olazar pilotalekuan.

Etorkizuneko Olazar Pilota Txapelketaren 39. aldia datorren eguenean hasiko da Zaldibarren. Egun horretatik aurrera, eguenero egongo dira jardunaldiak, 21:00etan. Urtero legez, binaka eta lau eta erdiaren barruan jokatuko da txapelketa. Txapeldunak abenduaren 31n erabakiko dira.

Binakako txapelketan 19 bikote lehiatuko dira aurten, normalean baino hiru gehiago. Bertan, eskualdeko hiru pilotari lehiatuko dira: Aimar Iturbe zaldibartarrak Ibarluzeagaz batera jokatuko du, Aingeru Bernaola mañariarrak Egigurenegaz, eta Faben Ituarte atxondarrak Arroitagaz. Arribillaga-Santesteban, Beitia-Elorz eta Fernandez-Apeztegia bikoteak dira faborito txapelketa irabazteko.

Lau eta erdiaren barruan 15 pilotari arituko dira eta euretariko bat eskualdekoa da: Koldo Bikandi iurretarra. Maila honetan, Cestau iazko txapeldunordea, Ramirez, Egurrola, Nazabal eta Ibarra nabarmendu daitezke faboritoen artean.

Irailaren 17an, lehenengo jardunaldian, Bikandi izango da protagonistetariko bat; Rekalderen aurka jokatuko du. Binaka, Aranbarri-Garmendia eta Ibarluzea-Iturbe arituko dira aurrez aurre.

Emakumeen txapelketa ere jokatuko da, lau pilotarigaz. Finalerdietatik aurrera lehiatuko dira. 

Zuzeneko emankizunak
Zaldua Pilota Taldeak aurten ere zuzeneko emankizunak eskainiko ditu final-laurdenetatik aurrera. Ahal duenero, Haritz Gallastegi izango da esataria, eta Enrike Agirrebeitia komentarista. ​​​​​​​Azaroaren hasierarako dute aurreikusita lehenengo partidua. Guztira, zortzi emankizun izango dira. Emankizunak www.anboto.org webgunean ere jarraitu ahal izango dira, eguenero.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!