Hirurek 11 urte daramatzate zuzendaritza batzordeko kide izaten. Padillak eta Juarrerok oraindino urte gehiago egin dituzte beste etapa batzuetan. Orain "etapa baten amaierara" heldu dira eta erreleboa hartzeko sasoia dela uste dute. "Orain 11 urte hartu genituen ardurak eta harrezkero lanean aritu gara elkartean. Neke puntu batera heldu gara. Orain, beste batzuek ideia berriak eta indar berria ekartzeko garaia dela uste dugu", azaldu du Maortuak.
Oraingoz ez da zuzendaritza berria osatzeko boluntariorik agertu. Azken hileetan hainbat ahalegin egin dute baten bat aurkitzeko, baina ez dute baiezkorik jaso. Horregaitik, zapatuko batzarrera joateko deia egin diete bazkideei.
"Azken urteetan, dozena bat edo hamabost bat bazkide baino ez dira etorri batzarretara, eta klubak 1.000 bazkide baino gehiago ditu. Horregaitik, batzarrera batzera deitzen diegu bazkideei. Garrantzitsua da jendeak egoera zuzenean ezagutzea", adierazi du Maortuak. Ildo horretatik, bazkideek egoera bertatik bertara ezagutzea da biharko bileraren helburua, eta boluntarioak bilatzea zuzendaritza berria osatzeko.
Maortuak segurtatu du prest daudela erreleboa hartzen duten horiei ahal duten gauza guztietan laguntzeko, trantsizioa erraza izan dadin: "Sartzen direnei gure laguntza eskainiko diegu, gure telefonoa beti egongo da prest laguntzeko".
Lau talderen batura
Momentu honetan lau atalek osatzen dute Zaldibar Kirol Elkartea: futbol, saskibaloi, pilota eta mendi taldeek. Atal bakoitzak bina ordezkari ditu zuzendaritzan, eta horiei presidentea, diruzaina eta idazkaria gehitu behar zaizkie. Beraz, hamaika lagunek osatzen dute kirol elkarteko zuzendaritza batzordea. Baina kargua utziko duten hirurak garrantzitsuak dira eguneroko kudeaketarako. "Presidenterik, diruzainik eta idazkaririk ez badago, ezingo da eguneroko laneko hainbat tramite eta kudeaketa egin. Horregaitik da hain garrantzitsua erreleboa aurkitzea", azaldu du.
Zaldua Kirol Elkartearen egoera ekonomikoa "oso ona" dela esan du Maortuak. "Lau ataletan dabiltzan boluntarioen lan handiari eskerrak gaude horrela", gaineratu du.