Ilargi argazkilaritza taldeak rally fotografikoa antolatu du. Ekainaren 28an egingo dute, domekan, Zaldibarren bertan. Antolatzaileak liburutegi zaharrean egongo dira 08:30etatik 09:30etara inskripzioak jasotzen. "Lehiaketara sei argazki aurkeztu beharko dira", azaldu du Delfin Zubizarreta argazkilaritza taldeko kideak: "Euretariko lauk gai zehatz bana izan beharko dute ardatz. Gainerako biak libreak izango dira. Edozelan ere, argazki guztiek Zaldibarren harturikoak izan beharko dute", azaldu du.
Lehiakideek 13:30-14:30 artean aurkeztu beharko dituzte emaitzak liburutegi zaharrean. Kamera digitaleko txartela entregatu beharko dute 36 argazkigaz, eta hortik sei aukeratu beharko dituzte lehiaketarako. Argazkiek koloretakoak izan beharko dute, eta JPG euskarrian egon beharko dute. Era berean, antolatzaileek jakinarazi dute hamaiketakoa eskainiko dutela 11:30etatik 12:00etara.
Sari ugari
Ilargi argazkilaritza taldeak honako sari hauek banatuko ditu: 125 euro eta garaikurra irabazlearentzat, 100 euro bigarrenarentzat eta 75 euro hirugarrenarentzat. Herriko sarituak 75 euro eskuratuko du, eta gazteen sariak 50 euro.
Izen emateetan, parte hartzaileek 10 euro ordaindu beharko dute. 17 urtetik beherakoek eta zaldibartarrek doan parte hartu ahalko dute.