Egoera horren aurrean, udalak "beharrezkotzat" jo du azpiegitura konpontzea eta, hain zuzen ere, labea jabego pribatuko lurretan dagoenez, udalak eremu horretako familiarekin egin du hitzarmena. Akordioak jasotzen duenez, udalak bere gain hartuko ditu karobia eta inguruak garbitzeko lanak. Sastrakak kenduko ditu, eta ingurua txukundu. Eta behin hori eginda, udalak txosten tekniko bat egingo du karobiaren egoera ebaluatzeko eta beharrezko konponketak zehazteko. Era berean, mantentze lanak urtean behin egiteko konpromisoa hartu du udalak. Halaber, akordioak bigarren hitzarmen baterako bidea zabaltzen du, etorkizunean labearen konponketa integrala egiteko eta inbertsio tekniko zein ekonomikoak zehazteko.
Eneritz Azpitarte alkateak akordioa txalotu du, eta eskerrak eman dizkio karobiko lurren familiari, ondarea zaintzeko erraztasunak emateagatik. “Hogei urtean mantenu lanik egin ez denez, karobiak egoera tristea bizi du. Gure herriko altxor historiko hau merezi bezala txukuntzeko eta zaintzeko ordua da”, esan du alkateak.
Ondare historikoa
Goierriko karobia Aixolarako bidean dago, Goenzelai Etxebarri baserritik gertu, eta 1997 eta 2000 urte artean zaharberritu zen azken aldiz. Balendin Lasuen historialari zaldibartarrak dokumentatu zuenez, “XIX. mende bukaerako labea da, lur-gainbehera txiki batean sendo eraikia, barruan kanpai zilindriko bat duena, tronko-konikoa, goiko aldeko barautsetik kargatzeko. Sua erdi-puntuko arkudun atexkatik sartzen zen. Ate hori oinarrian dago, bidearen aldean. Gainera, duela hamarkada batzuk labea zaharberritzeko premiaz hitz egin zuen: “Zalantzarik gabe, 1933-34 urte aldera funtzionatzeari utzi zion labea berreskuratzea interesgarria izango litzateke, batez ere, labearen ingurua egokitzeko, labe-karobia erabat estaltzen duten sastrakak eta landaredia kentzeko, eta aurrealdea eta alboak berdintzeko”. Lasuenen hitzek "erabateko zentzua izaten jarraitzen dute gaur egun ere", udalaren berbetan.