Xerra estudioak 'Ikusi nuen eta iltzatuta gelditu zitzaidan' bideopodcasta ipini du martxan

Ekaitz Herrera 2026ko ekainaren 4a

Hamar ataleko elkarrizketa saioa izango da, lau sortzaileren gogoeta artistikoak ardatz izango dituena. Momentuz, Iñi Etxezarretaren eta Sara Fantovaren elkarrizketak sareratu dituzte. Danele Sarriugarte da elkarrizketatzailea; eszenografia Aitane Goñi Landak egin du.

Zaldibarko Xerra sorkuntza estudioak bideopodcast bat ipini du martxan, sarean: Ikusi nuen eta iltzatuta gelditu zitzaidan. Arteari buruzko elkarrizketa saioa da, sortzaileak beren lanari buruz zein joera berriei buruz hausnartzera bultzatzen dituena. Momentuz, Iñi Etxezarreta (Labar) eta Sara Fontava artisten elkarrizketak sareratu dituzte, baina gehiago etorriko direla iragarri dute Xerrakoek, 10 bideopodcast egingo dituzte-eta guztira. Markel Gonzalez eta Idoia Zabaleta izango dira hurrengo elkarrizketatuak.

Saioen gidaria Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailea da, eta eszenografia modura Aitane Goñi Landaren artelanak erabili dituzte. Azken horren artelanak izango dira, hain zuzen ere, elkarrizketetarako helduleku. Izan ere, artelanok Goñi Landak tiradera batean gorde eta ahaztutakoak dira, eta gonbidatuek ere ildo horri jarraituko diote: beren tiraderetan gordetako proeiektuei buruz egingo dute berba, besteak beste. Horrez gainera, sorkuntza prozesuetan "iltzatuta geratu zitzaien pieza bat" eraman beharko dute elkarrizketara. 

Bideopodcasteko sintonia Miren Narbaiza 'Mice'k sortu du. Jantziak Hemen proiektuko kideek utzitakoak dira, eta grafismoa Ximon Agirrek egin du. Ekoizpena, zuzendaritza eta grabaketa, berriz, Xerra estudiokoen lana izan da, Laida Zaprerena eta Ane Lusarretarena. Gidoiak Danele Sarriugartek eta Xerrak egin dituzte. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egile saria jaso du, baita Laboral Kutxaren laguntza ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!