Zaldibarko Aldatsa goitibehera taldeak elkartea desegitea erabaki du, eta amaiera eman dio bost urteko ibilbideari. "Talde txiki bat izan gara, sei bat lagunekoa. Eta ikusi dugu azken bi urteotan kostatu egiten zitzaigula gure jardunari eustea. Izan ere, elkarteko kideen egunerokotasuna, batetik, eta bakoitza beste hainbat saltsatan sartuta dagoela, bestetik, ezin izan diogu elkarteari nahiko genukeen tartea eskaini", azaldu du Eneko Iraetak, Aldatsako kideak.
Elkartea 2021ean jaio zen, izurri betean, garai bateko goitibehera jaitsierak berreskuratu guran. "Izan ere, goitibehera jaitsiera txosnaguneko ekintzetako bat izan da urte askoan, eta hura antolatzen zutenei galdetu genien, beteranoei, ea zelan egiten zuten, zelan antolatzen zuten kontatzeko". Eta halantxik, Aldatsak halako lasterketak antolatu ditu urterik urte. Bi izan dira nagusiak. Goitibehera txikien jaitsiera bata, eta Zaldibarko goitibehera jaitsiera, bestea. Euskal Inertzia Kopako probetako bat azken hori. Iraetak eskerrak eman dizkie elkartea bultzatzen lagundu duten herrikide guztiei. "Boluntario ugari izan dugu bidean, eta lan handia egin dute. Eskerrak eman gura dizkiegu horiei guztiei", zehaztu du.
Inertzia kirolen sasoiari dagokionez, Iraetak aitortzen du kontuak "boladak" izaten dituela. "Duela bizpahiru urte, inertzia jokoak berriro ipini ziren boladan. Gerora, jaitsiera bat bizi izan dutela esango nuke. Baina gorantz egiten dabil beste hainbat lekutan, Busturialdean, adibidez. Belaunaldi berriak sartu dira han, eta goitibeherak indarra hartzen dabiltza", esan du Iraetak.
Aldatsa elkarteko kideek Berbaro euskara elkarteari eman diote material guztia, dohaintzan, udalekuetan zein aisialdi ekintzetan erabili ditzaten.