Zaldibarko Udalak Auzo Taxi zerbitzua ipini du martxan, "landa-eremuen eta hirigunearen arteko konexioa hobetzeko". Zerbitzua baserri-auzoetan bizi diren herritarrei zuzenduta dago nagusiki, hau da, Gatzagako, Goierriko, Arangureneko, Eitzagako, Sallabenteko eta Olarreagako auzotarrentzako da, baina San Andreseko bizilagunek ere erabili ahal izango dute, mugikortasun arazoak dituztenean. Zerbitzua udalerrian erroldatuta dauden 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, nahiz 12 urtetik gorakoek ere erabili ahalko duten, gurasoen edo tutoreen baimenagaz.
Auzo Taxiak joan-etorriko bidaiak eskainiko ditu baserri auzoen eta herrigunearen artean, eta ez du beste herri batzuetarako desplazamendurik eskainiko. Ordutegia honako hau izango da: astelehenetik barikura 07:30etik 20:00etara, eta, zapatuetan, 09:00etatik 14:00etara. Domeka, jaiegun eta abuztuan ez da zerbitzurik egongo.
Zelan erabili
Udalak emandako informazioaren arabera, zerbitzua erabili gura duten herritarrek erabiltzaile-txartela eskatu beharko dute udaletxean, eta behin hori eginda, bonuak erosi ahalko dituzte. Txartelen gutxieneko erosketa 5 bonukoa izango da, eta 12,5 euroan eskuratu ahalko dira (2,5 euro ibilbide bakoitzeko). Bidaiariak bonu bat eman beharko dio taxilariari egindako ibilbide bakoitzeko eta bere erabiltzaile txartelarekin identifikatu beharko da. Taxi gidariaren telefonoa udaletxean jasoko dute erabiltzaileek, txartelak eta bonuak eskaturikoan.
Egitasmoagaz, "herritar guztien irisgarritasuna bermatu" gura dutela esan du Eneritz Azpitarte alkateak. Horrez gainera, herriko zerbitzuak handitzen segitzeko asmoa agertu du: “Lehen ez zegoen gazteen emantzipaziorako laguntzarik, eta orain, bai. Lehen ez zegoen psikologoarenera joateko laguntzarik gazteentzat, eta orain, bai. Ez geneukan auzo taxirik, eta aurrerantzean, bai. Hori da gobernu talde honen bidea: dauden zerbitzuak indartzea eta ez baldin badaude, sortzea, Auzo Taxiarekin egin bezala".
"Elkar ulertzea" PSE-EErekin
Zaldibarko Udalak gogorarazi duenez, Auzo Taxia ipintzeko proiektua 2026ko udal aurrekontuetan adostu zuten gobernu taldeak (EH Bildu) eta PSE-EEk, alderdi sozialistaren emendakin bat tarteko. Azpitartek "alderdien arteko elkar-ulertzea txalotu" du, eta aurrerantzean ere "herriaren mesedetan lan egitera" deitu ditu ordezkari guztiak.