Jardunaldia maiatzaren 22an izango da, 18:30ean, liburutegi zaharrean, eta Zaldibarko hiru kirolarik —Nora Narbaiza mendi korrikalariak, Mikel Arroitaonandia mendi korrikalariak eta Ane Miren Alberdi arku tiratzaileak— eta Ibai Zabala pilotari ohi berriztarrak parte hartuko dute. Halaber, lau kideek kirola euskaraz bizitzearen garrantzia aldarrikatuko dute. Saioa Iker Ajuriagerra coachak eta Garikoitz Sarriugarte bertsolariak gidatuko dute.
Jardunaldia Zaldibarko kirol taldeek antolatu dute, udaleko euskara zerbitzuagaz elkarlanean. Ima Eguen euskara teknikariak gogorarazi duenez, euskara areagotzeko programak ibilbide mardula du kirolean, eta programetariko batean Zaldua elkarteko futbol, saskibaloi eta pilota taldeek zein Biak Bat futbol taldeak parte hartzen dute. "Hilero elkartzen dira euskara kirolean zelan bultzatu pentsatzeko. Dekalogo bat eginda daukate eta ikasturtea laster amaituko dela eta, jardunaldi hau antolatu dute kirolean euskara aldarrikatzeko", esan du Eguenek.