"Pazientzia apur bat behar da baserriaren teilatuari bere itxura emateko"

Aitziber Basauri 2026ko maiatzaren 18a

Ander Maortua, Zaldibarko hainbat baserriren kartoizko maketak aurrean dituela.

Ander Maortuak (Zaldibar, 1942) Zaldibarko hainbat baserriren maketak ditu etxean, kartoizko kaxak berrerabilita egindakoak; tartean, Zaldibar Dorrearena. Zaldibarko historia eta ondareari buruzko Balendin Lasuenen liburuxkak baliatuta sortu ditu maketak. Kartonajea, berak dioen moduan, pinturagaz partekatzen duen zaletasuna da. Bai maketak sortzeko bai margotzeko, gurago du musikaren laguntasuna.

Zelan hasi zinen Zaldibarko baserrien maketak egiten?
Nagusien Elkarteko batzordean sartzeko proposamena onartu eta gero, jubilatuentzat oinarrizko marrazketa ikastaroa antolatzea bururatu zitzaidan. Udazken hasieran izan zen hori. Zazpi lagunek eman zuten izena eta ikastaroak Gabonak arte iraun zuen. Gero, baserrien maketak egiteko ikastaroa egitea proposatu nuen. Hiru-lau baserri egin nituen. Oso politak iruditu arren, ez zuten interes handirik piztu. 

Non ikasi zenuen maketak egiten?
Eskolan, 7-8 urtegaz. Ermutik etortzen zen maisu batek marrazketa lineala erakusten zigun, eguenetan. Baina Gabonak heltzen zirenean, jaiotzak egiten genituen (baserriak, lorategiak, errekak, zubiak...). 

Enkarguren bat ere jaso izan duzu. 
Nagusien Elkarteko presidentearen bitartez, Abadiñoko baserri batek 100 urte egingo zituela eta, baserriaren maketa egitea eskatu zidaten. Errege bezperan oparitzeko enkargua zen. Erretratuak ikusita egin nuen, eta, neurriak jakiteko, Google Earth-en begiratu nuen. Rafa Urizarri ere egin nion familiako baserriaren maketa.

Zaldibarko hamabi bat baserriren maketak dituzu. Zer da gatxena?
Ez da batere gatxa. Pentsa, 7 urtegaz egiten genituen! Lehenengo, baserria eskalan marraztu eta margotu egiten dut. Amaitzean, oinarrian itsasten dut. Umetan leihoak ere ateratzen genizkien, eta, barruan argia zegoela irudikatzeko, gozokien paperak erabiltzen genituen. Igual horretxek egitea zen gatxena. Orain egindako baserrien leihoak margotuta daude.

Pazientzia beharko da.
Denbora hartu behar da, eta bai, pazientzia apur bat behar da baserriaren teilatuari bere itxura emateko. Baserri bakoitza egiteko, zortzi bat ordu behar izan ditut.

Balendin Lasuenen liburuxketan begiratuta eman diezu itxura.

Bai, eta konturatu nintzen liburuxkak kaleratu zituenetik hona baserri guztiak berriztatu direla. Jatorrizkoak irudikatu ditut.

Gaztetan Venezuelara joan behar izan zenuen.
Bai, 19 urtegaz. Aitak istripu larria izan zuen eta hara joan behar izan nuen. Hego Amerikako papergintza produkziorik handienetarikoa zuen fabrika batean lan egin nuen. 27 nazionalitatetako lagunak zeuden han.

Margogintza ere gustatzen zaizu. 
Bai, beti gustatu zait, eta jubilatu eta gero, denbora izan nuenean, margotzen hasi nintzen. Bilbora joaten nintzen olio-pintura ikastaroa egitera. Bilboko Arte Ederren museoko bazkide ere izan nintzen hainbat urtean. Sasoi batean, 15 egunean behin joaten nintzen. Behin, Beketxeko koadro txiki bat ikusi nuen, Recuerdo de Zaldua. Emozionatu egin nintzen. Beketxekoa naiz ni. Gure amama bizi zenean baserri-etxea zen. Nik ez nuen ezagutu, baina aita, osaba... han bizi izan ziren. Barroeta-Angisolearen margoa zen. Erretratuak egiten zituen, eta, seguruenik, Zaldibarko Bainuetxera etorritako egun batean egingo zuen.

Inoiz pentsau duzu erakustea?
Ez. Etxean gordeta ditut.

Motzean

Eraikin bat?
Gipuzkoar Konpainiarena, Puerto Cabellokoa.

Pintore bat?
Sasoi batean, Rouault. Orain, Jackson Pollock.

Zaldibarko txoko bat?
Beketxe.

Maketa amaitzean...
Umezarora bueltatzen naiz.

Abesti bat?
Il dolce suono (Nadine Sierra)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!