Castet Elkarteak gerrako ume zaldibartarrak eta lurpean jarraitzen duten gudariak gogoratu ditu

E.H. 2026ko apirilaren 27a

Halaber, babesa adierazi zieten Palestinako, Libanoko, Venezuelako, Irango eta Kubako herriei, eta "inperialismoa eta sionismoa" salatu zituzten.  

Zaldibarko Castet elkarteak goiz osoko ekitaldia egin zuen atzo. Goizean, elkarteko hainbat kide Santamañazarrera igo zen 1937ko apirilaren 25ean han gudukatu ziren gudariak eta milizianoak gogoratzeko. Elkarteak gogorarazi zuen 30 gudari baino gehiago hil zirela egun bartan, baina zortzi gorpu baino ezin izan zituztela identifikatu. "Bertan lurpean segitzen dutenak ere badira", esan zuten adierazpenean: "Ez dakigu zenbat. Egin genuen ahalegin bat, gudariren bat lurperatuta egon zitekeen parajean, Gerediaga elkartearekin, Aranzadirekin eta udalarekin batera, baina antzua izan zen. Hala ere, jarraituko dugu".

Bestalde, gerra sasoian eskualdetik alde egin behar izan zuten umeei buruzko ikerketa bultzatzen dabil Castet, eskualdeko talde memorialistekin eta Gerediagarekin batera. "Guk dakigula, hamabost izan ziren ume zaldibartar exiliatuak", esan zuten.

Azkenik, "sionismoa eta inperialismoa mundu zabalean egiten dabiltzan erasoak" salatu zituzten, "izan Palestinan, Libanon, Venezuelan, Kuban edo Iranen". Babesa adierazi zieten "bonbapean bizi diren herri horiei eta euren erresistentziari". Era berean, "Euskal Errepublika osatu arte Santamañezarren jausitakoen lekukoa" eramango dutela esan zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!