Zaldibarko eskolak erronka kolektiboa proposatu die herritarrei: astebetez herrian
zehar ibilgailurik erabili gabe mugitzea. Apirilaren 27tik maiatzaren 3ra egingo dute
erronka, eta udalerri seguruagoa, osasuntsuagoa eta jasangarriagoa sortzea izango dute helburu. Gainera, erronkak iraungo duen egunetan, eskolako ikasleek
askotariko ekintzak egingo dituzte mugikortasun jasangarria eta bizimodu
osasuntsua sustatzeko. Kanpaina osoaren goiburua Gurekin oinez izango da.
Zaldibarko Udalak bat egin du egitasmoarekin, eta herritarrak deitu ditu erronkan
parte hartzera eta egun horietan ibilgailu motordunak alde batera uztera. Eneritz
Azpitarte alkateak eskerrak eman dizkio eskolako komunitate osoari erronka
antolatzeagatik: “Proposamen ezin ederragoa da, eta oso lagungarria
jasangarritasunari eta segurtasunari buruzko kontzientzia zabaltzeko", esan du.