Joan zen astean Oinarrizko Mailako Espainiako Txapelketa lehiatu zen Oviedon, 500 gimnasta baino gehiagorekin. Zaldibarko Olazarmendi klubak bi ordezkari eraman zituen: Nerea Gomez (16 urte) gazte mailan eta Ane Fernandez de Arroiabe nagusietan.
Ane Fernandez de Arroiabe goi mailan aritu zen bere ariketan. "Segurtasunez, heldutasunez eta batez ere gozatuz egindako saioa izan zen", klubeko ordezkariek ohar batean zehaztu dutenez. Ia 150 gimnastaren artean lehiatuta, bosgarren geratu eta diploma nazionala eskuratu zuen.
Ikasketak eta lana uztartzen ditu Fernandez de Arroiabek; unibertsitate-ikasketak egiten ari da eta, aldi berean, irakasle lanetan dihardu. Horrela, garapen profesionalari uko egin gabe kirol ibilbideagaz jarraitzea posible dela erakutsi du. Txapelketan bertan ere agerian geratu zen hori: barikuan lanaldia amaitu ondoren abiatu zen Oviedora, hurrengo goizean lehiatzeko.
Bere entrenatzaileek, Laura Carrillok eta Itsaso Zubiak, Fernandez de Arroiaberen ibilbidea nabarmendu dute, 2012an klubean hasi zenetik hona izan duen garapena azpimarratuz: “Emaitzetatik harago, garrantzitsuena ikasketa-prozesu osoa izan da. Aurten oso zaila den zerbait lortu du: denboraldiko une garrantzitsuenean bere ariketaz gozatzea”.


