Zaldibarko Udalak komun publiko autogarbigarria jarri du Euskal Herria etorbidean, udalerriko lehenengoa. Azpiegitura osasun etxearen eta parkearen ondoan dago. Udalak azaldu duenez, herritarrek askotan helarazi diote udalari komun publiko baten beharra: “Parte hartze bidezko aurrekontuetan, adibidez, behin baino gehiagotan jaso dugu proposamena, eta norbanako herritarrek ere sarritan mahai gaineratu digute eskaera”, azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak. Orain ,"udalak bat egin du eskariekin eta beharrezkoa iritzi dio komun publikoa jartzeari. Azkenean, hemen daukagu, erabiltzeko prest”, gaineratu du.
Komun publikoa atal bitan banatua dago. Kanpoaldean, hiru pixaleku daude, eta barruan, altzairu herdoilgaitzeko komunontzia, xaboi-banagailua, ur-txorrota, lehorgailua eta papera. Halaber, haurren pixoihalak aldatzeko taula bat ere badago. Komuna erabili eta gero, erabiltzaileak barrutik irtendakoan, azpiegiturak minutu bat inguruz garbitzen du barrualdea, bere kabuz. Udalak 82.370,75 euroko inbertsioa egin du.