Zaldibar Argitu: “Eusko Jaurlaritzak herritarrak informatu beharko lituzke, are gehiago inguruko bizilagunen osasuna eta segurtasuna arriskuan dagoenean”

Anboto 2026ko martxoaren 6a

Zaldibar Argitu plataformak 2023an egindako elkarretaratzeko irudi bat.

Plataformak elkarretaratzera deitu du, martxoaren 15erako, 13:00ean, plazan.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak 2025eko irailean zabortegian egindako ikuskaritzaren ondorioek kezka eragin dute Zaldibarren. Egoeraren aurrean, Zaldibar Argituk oharra kaleratu du. “Onartezina deritzogu 29 hutsegite jasotzen dituen txosten teknikoa 5 hilabetean ezkutuan mantendu izana. Eusko Jaurlaritzak herritarrak informatu beharko lituzke, are gehiago inguruko bizilagunen osasuna eta segurtasuna arriskuan dagoenean”, azaldu du plataformak. 


Hondakindegian aurkitutako hutsegieteak "horrenbeste denboran" ez zuzendu izana "ulertezina dela" diote. "Oso larria iruditzen zaigu, besteak beste, lixibiatuak inongo kontrolik gabe lurrera eta errekara isurtzea, oinarrizko azpiegituretan mantentze lanak ez egitea edota sortzen diren gasak tratatzeko sistemarik ez edukitzea”. Gaineratu dutenez, “ingurumenaren eta herritarren osasuna eta ziurtasuna” daude jokoan.

 



Eusko Jaurlaritzari eskaera
Zabortegian detektatu dituzten hutsegite horiek zuzentzeko "beharrezkoak diren ekintza guztiak" egin ditzala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Plataformak mobilizaziorako deia egin du. Martxoaren 15ean 13:00etan Zaldibarko udaletxeko plazan egingo den elkarretaratzera batzeko deia egin diete herritarrei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!