Jardunaldietako lehenengo ekitaldia eguenean egin zuten, Garitaonandiaren biografiaren eta obraren erakusketa inauguratuta. Esposizioa liburutegi zaharrean atondu dute eta hilaren 14ra arte egongo da ikusgai. Halaber, erakusketarako bisita gidatuak antolatu dituzte. Martxoaren 7an eta 14an izango dira, biak 11:00etan. Interesdunek zaldibar@zaldibar.eus helbidean eman dezakete izena.
Ekitaldiek gaur eta bihar izango dute segida. Izan ere, gaur arratsaldean Garitaonandiaren omenezko ipuin lehiaketako sariak banatuko dituzte. Ekitaldia 18:30ean izango da, kaperan. Bihar, zapatua, Euskaltzaindiak eta Zaldibarko Udalak jendaurreko bilera zabala egingo dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 12:00etan. Tartean izango da baita Joseba Sarrionandia ere. Idazle iurretarrak Zaldibarko literaturaz berba egingo du. Bestalde, martxoaren 14an, Donostiako Orfeoiak kontzertua emango du Olazarko pilotalekuan, 19:30ean. Ekitaldirako sarrerak udal liburutegian eskuratu daitezke.