"Herri osoak elkarregaz parte hartzen duen ekintzarik bakarrenetarikoa da tonbola"

Aitziber Basauri 2026ko otsailaren 28a

Zuriñe Irulegi eta Ane Miren Alberdi.

Zaldibarren egutegian gorriz markatuta daude tonbola egunak. Lau hamarkadatik gora joan dira lehenengoz antolatu zutenetik, eta herritarren erantzuna ezin hobea da urterik urte. Halaxe nabarmendu dute antolatzaileetariko bik: Zuriñe Irulegik (Zaldibar, 1986) eta Ane Miren Alberdik (Zaldibar, 1984). Joan zen asteburuan egin zuten tonbolan 7.719 euro batu zituzten. 

Zelan joan da aurtengo tonbola?
Zuriñe Irulegi: Itzel. Lehenengo egunetik jende asko etorri da, gazte zein heldu, eta domeka arratsalderako txartel guztiak salduta genituen. Pozarren gaude. 
Ane Miren Alberdi: 2.000 sari inguru izaten ditugu eta ia denak banatu ditugu: eskuz egindako mahai-zapiak, panpinak, etxerako objektuak, askotariko poltsak, patineteak, Zaldibarren egindako marmelada... Gainera, saria lortzeko bigarren aukera ere egoten da amaieran. Aurten, bizikleta bat eta urdaiazpiko bi zozkatu ditugu.

Lehenengo tonbolako helburuak eta oraingoak aldatu egin dira? Elkartasuna ulertzeko modua aldatu egin da?
Z.I.: Ez. Zaldibarko hiru misiolariri laguntzeko helburuagaz sortu zen tonbola, eta helburu horregaz lan egin dugu urteetan. Javier Peña eta Javier Areitiourtena hil eta gero, Mila Azpitarteri ematen diogu dirua. Aurten, Kolonbian eta Haitin garatzen dabiltzan proiektuetan laguntzeko izango da. Aurretik, Limara, Perura eta Afrikara ere bidali izan dugu dirua. Orain urte bi Elikagaien Bankuari eman genion zati bat.
A.M.A.: Herriak elkartasun handia erakusten du, urterik urte parte hartzen du. Tonbola noiz zabalduko zain egoten da. 

Zaldibarren errotuta dagoen ekimena da tonbola?
Z.I.: Oso errotuta. Herri osoak elkarregaz parte hartzen duen ekintzarik bakarranetarikoa dela esango nuke.
A.M.A.: Hala da. Adin edo pentsakera guztietako zaldibartarrak etortzen dira tonbolara asteburu horretan. Jendearen erantzuna izugarria da.

Zenbat lagun zabiltzatze lanean ekimena aurrera ateratzeko?

Z.I.: 25 bat emakumek lan egiten dute tonbolarako materiala sortzen: mahai-zapiak, panpinak, askotariko gailuak gordetzeko poltsak. Batzuk josteko elkartzen dira, eta beste batzuek etxean egiten dute, euren kabuz. Bestalde, herriko eta inguruko komertzio eta enpresa txikietara ate joka joaten garenok osaturiko 10 bat laguneko taldetxoa dago. Laguntza eskatzera joaten gara, sariak lortzeko. Udalak ere laguntzen digu; dirua ematen digu, jostunei materiala erosteko.

Zaldibarko etxe guztietan egongo da tonbolan tokatutako zeozer.
Z.I.: Seguru! Ogirako edo umeei askaria eroateko poltsak... 
A.M.A.: Seguruenik etxe gehienetan topatuko dugu tonbolako nezeserren bat edo arropak eskegitzeko pintzetarako poltsa.

Zein da egokitu daitekeen saririk bitxiena?
A.M.A.: Ez dakit! Kaktus txiki bat, adibidez.
Z.I.: Edo txakurren kakak batzeko poltsak. Josten dabiltzan emakumeek adin bat dute, baina beti ahalegintzen dira garaiari egokitutako sariak sortzen: ordenagailu eramangarria, tableta edo mugikorra gordetzeko zorroak, adibidez. 

Hasi zarete hurrengoa prestatzen?
Z.I.: Jakina! Sariak josten dituzten emakumeak ez dira geratzen.
A.M.A.: Tonbolak ateak ixtean bazkaria egiten dugu, eta baten batek beti galdetzen du: 'Datorren urtean noiz egingo dugu?'. Gabonetan hasten gara dena lotzen.

MOTZEAN

Tonbolan parte hartzea...
Z.I.: Elkartasuna da.
A.M.A: Atsegingarria da.

Inoiz falta ez den saria?
Z.I.: Kaktusa.
A.M.A.: Mahai-zapia.

Urte hauetan tokatu zaizuen sari bat.
Z.I.: Haurdun nengoela jaka bat semearentzat.
A.M.A.: Mahai-zapi jokoa, sartu berri nintzen etxerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!