Zaldibarko rokodromo eraberrituak barikuan zabalduko ditu ateak

E.H. 2026ko otsailaren 25a

Eraberritzeak lau hilabete iraun du. Udalak 98 metro karratuko boulderra, eskalada bideak eta suspentsio taulak ipini ditu, eta horiek guztiak legeak agindutakora egokitu. Era berean, komunak eta dutxak berritu dituzte. Inaugurazio ekitaldian Ainhize Belar eskalatzaileak parte hartuko du. 

Zaldibarko Udalak rokodromoa berritu du, eta araudiak agintzen dituen betekizunetara egokitu. Batetik, goitik behera berritu dute eskalada gunea. 98 metro karratuko boulderra ipini dute hasiberrientzat zein eskalada-teknikan sakondu nahi dutenentzat. Era berean, eskaladarako hainbat bide ipini dituzte, baita suspentsio-taula eta Campus Board deritzona ere. Bestetik, udalak azpiegiturako komunak berritu ditu, eta aldagelak eta dutxak gehitu dizkie horiei. Lanek 190.000 euroko inbertsioa izan dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 41.397 euroko laguntza eskaini du.

Eneritz Azpitartek nabarmendu duenez, “eskalada praktikatzeko joera asko hazi da azkenaldian", eta horregatik jo du udalak "beharrezkotzat" rokodromoa berritzea. "Helburu bi" bete dituzte alkatearen esanetan: "Herriko eskalatzaileek merezi bezalako azpiegitura izatea eta azpiegitura horrek segurtasun irizpideak betetzea”. Horrez gainera, herriko kirol instalazioak hobetzen jarraituko duela nabarmendu du Azpitartek.

Inaugurazioa barikuan

Rokodromo berriak ostiral honetan, otsailak 27, irekiko ditu ateak, 18:00etan. Ekitaldian Ainhize Belar eskalatzaile atxondarrak parte hartuko du. Halaber, udalak jakinarazi du herritarrek asteburu honetatik aurrera erabili ahalko dutela instalazioa. Aldez aurretik rokodromoan izena emanda zeudenek nahikoa izango dute udaletxetik pasatzea eta txartela aktibatzea. Erabiltzaile berriek udaletxetik pasatu beharko dute, derrigorrezko inprimakia bete eta fidantza ordaindu. Behin hori eginda, rokodromoa erabili ahal izateko giltza jasoko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!