Zaldibarko elkartasun tonbola bueltan da. Egitasmo solidarioak gaur zabalduko ditu ateak, eta domekara arte egongo da martxan. Urtero legez, bertan baturiko dirua Kolonbiara bidaliko dute, Milagros Azpitarte misiolari zaldibartarra han egiten dabilen lan humanitarioa laguntzeko. Sarien artean, Zaldibarko emakumeek modu altruistan egindako lanak eta herriko establezimenduek egindako ekarpenak egongo dira.
40 urteko bidea
Zaldibarko elkartasun tonbolak lau hamarkada baino gehiagoko bidea du. Hasiera batean, proiektu horretako dirua hiru misiolari zaldibartarri bidaltzen zieten, hiru helburu desberdinetara: Afrika, Peru eta Kolonbia. Gaur egun, Kolonbiara baino ez da bidaltzen, beste bi misiolariak hil egin baitziren. Urte batzuetan, baturiko dirua Elikagaien Bankuarekin ere partekatu izan dute.
Deialdia herritarrei
Antolatzaileek azpimarratu dute parte hartzea garrantzitsua dela bai Zaldibarkoentzat bai inguruko herrietako bizilagunentzat. "Zenbat eta txartel gehiago saldu, orduan eta diru gehiago bidali ahal izango dugu behar handiena duten lekuetara", adierazi dute. Tonbolaren ordutegia honako hau da:
- Barikua: 19:00 - 21:00
- Zapatua: 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 21:00
- Domeka: 10:00 - 14:00 eta 16:30 - Zarratu arte