Acha-Orbeako beharginek hitzarmen berri baterako bidea hasi dute enpresagaz

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 20a

Ordezkari sindikalek kaleratze gehiagorik egongo ote den galdetu diote enpresari. "Halakorik ziurtatu ezin duela esan digu enpresak", azaldu du ELA sindikatuko Javier Garciak. 

Hiru langile kaleratu eta gero, Acha-Orbeako beharginek hitzarmen berri baterako bidea hasi dute enpresagaz. Abenduan agortu zen zaharra, eta berria negoziatzeari ekin diote. ELA Durango-Gernikako Javier Garcíak jakinarazi duenez, duela egun batzuk itun horretarako konposizio mahaia eratu zuten, eta negoziazio esparrua zabaldu. Horrez gainera, ordezkari sindikalek bilera hori aprobetxatu zuten enpresari kaleratze gehiagorik egongo ote zen galdetzeko. "Alabaina, enpresak ez zuen konpromisorik hartu. Halakorik ziurtatu ezin duela esan zigun", azaldu du Garcíak.

Acha-Orbeako langileek asteon amaitu dituzte lanuzteak eta mobilizazioak, hiru langileen kaleratzea salatzeko. Momentuz ez dute protesta gehiagorik iragarri, "baina kaleratze gehiago egingo balira" protesta gehiago egingo luketela esan Javier Garcíak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!