Zaldibarko Acha-Orbea enpresatik hiru behargin kaleratu dituztela salatu du ELAk

E.H. 2026ko otsailaren 9a

"Enpresak dio salmentak gutxitu egin direla AEBetako muga-zergen eraginez. Guk ez dugu uste horrela denik", esan du ELAk. Mobilizazioak iragarri dituzte. 

Zaldibarko Acha-Orbea enpresatik hiru behargin kaleratu dituztela jakinarazi du ELAk. Sindikatuaren esanetan, kaleratzeok "urtarrilaren 30ean" izan ziren, eta enpresak "arrazoi ekonomikoak" argudiatu dituela jakinarazi du: "Enpresak dio salmentak gutxitu egin direla AEBetako muga-zergen eraginez. Alabaina, guk ez dugu uste horrela denik. Izan ere, iaz, beharginak ordu poltsa negatibo batekin gelditu ziren, eta aurten, ordu horiek berreskuratzen hasi dira. Ehun ordu, guztira", azaldu du Javier Garciak, Gernikako eta Durangoko ELAko industria arduradunak: "Horrenbestez, lan jaitsiera bat egotea ezin ulertzekoa da", dio.

Sindikatuaren iritziz, enpresak "txarto" kudeatu du auzia. "Ez diote batzordeari kaleratzeen berririk eman, eta horrez gainera, hamabost eguneko denbora tartea errespetatu barik kaleratu dituzte beharginak. Gurago izan dute langileei hamabost egun horietako soldata ordaindu. Horrenbestez, agerian dago kaleratzeen arrazoia ez dela ekonomikoa" adierazi du Garciak. 

Acha-Orbeako enpresa komitea ELAk (hiru ordezkari) eta LABek osatzen dute (ordezkari bat). Sindikatu biek elkarretaratzeak egingo dituzte otsailaren 11n eta 18an, kaleratzeen kontra, eta langileen estatutua bete dadin eskatzeko. "Izan ere, ez dakigu kaleratze gehiagorik egongo ote den", esan dute. Mobilizazioak 13:30-14:30 artean egingo dituzte.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!