Lur-jausia Zaldibarren

Zaldibar Argituk elkarretaratzera deitu du Eitzagako hondamendiaren 6. urteurrenean

Ekaitz Herrera 2026ko urtarrilaren 27a

Plataformak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak gogoratuko ditu. Halaber, Zaldibar Argituk salatu du ingurumenaren aurkako delitua aztertzen duen auziak "72 hilabete" daramatzala instrukzio fasean.  Elkarretaratzea otsailaren 8an egingo dute, 12:30ean, Eitzagako plazan. 

Otsailaren 6an sei urte beteko dira Eitzagako zabortegia amildu zenetik, behargin bi (Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze) lur-jausiak irentsita hil zirenetik eta eskualdeko ingurumen hondamendi handienetako bat gertatu zenetik.

Plataformak gogorarazi du epaileak "zuhurtziagabekeriaz egndako giza hilketa bi" egotzi zizkiela enpresa arduradunei, eta "21 hilabete" behar izan zituztela bi homizidio horiek ebazteko. Halaber, Zaldibar Argituk adierazi du beste epaia, ingurumenaren aurkako delituei loturikoa, instrukzio fasean dagoela hasi eta sei urtera: "72 hilabete daramatza instrukzio fasean. Sei hilabetero sei hilabeteko luzapena ezartzen du epaitegiak. Azken luzapena azaro amaieran erabaki zuen Probintzia Auzitegiak, datorren ekainaren 1era arte.
Iaz esan genuena berresten dugu, hitzez hitz: baina, zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak kaleratzeko?", galdetu du plataformak.

Zaldibar Argituk "gogaituta" daudela esan du, eta herritarrak deitu ditu otsailaren 8an hondamendia salatzera. Eitzagako plazan egingo dute elkarretaratzea, 12:30ean. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratu eta "erantzukizunak" exijituko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!