Gaztetxea eta Herrixen Jaixek mugimendua hitzordu berri bat prestatzen dabiltza Zaldibarko lagun taldeak batzeko: Kuadrillen Eguna. Halako ospakizun bat antolatzen duten lehenengo aldia izango da, eta apirilaren 11n egingo dute. Egitarauko xehetasunak jakiteko oraindino goizegi den arren, egun osoko jardunaldia egingo dute: "Herriko gazteak jaietan batzen gara normalean, baina badirudi hor bakarrik batzen garela. Eta Kuadrillen Egunarekin apur bat harago joatea gura dugu, hain zuzen ere: urteko gainerako egunetan ere batzea", azaldu du Maddi Sanz antolakuntzako kideak. "Izan ere, jaiak oso ondo egon dira; Gaztetxea eta Herrixen Jaixek oso aktibo egon dira. Eta hori horrela, eragile biek apustua egin dugu Kuadrillen Eguna elkarrekin antolatzeko". Sanzek adierazi du ospakizuneko antolatzaileak gazteak direla oro har, baina jardunaldia adin tarte guztietara zabalik dagoela, bai prestaketa lanetarako zein egunean bertan jaira batzeko.